Orioko Kanpinean ura berotzeko sistema berritzen ari dira egunotan

Karkara 2020ko ots. 14a, 17:00

Aurrerantzean, eguzki-energia bidez berotuko da kanpineko ur beroaren %30a. Erregai fosilen kontsumo energetikoa %35 gutxituko da.

Orioko Udala kanpineko ura berotzeko sistema aldatzeko lanak egiten ari da azken asteotan, jasangarriagoa izan dadin. Aurtengo denboraldia hasterako, kanpinean prest izango da ur beroaren %30a eguzki-energiarekin berotuko duen sistema. Orain arte, Orioko Kanpineko ur beroa gasolio bidezko galdara baten bidez sortzen zen, eta 5.000 litroko biltegia zuen kanpineko eraikin nagusiak. Galdara zaharkituta zegoenez, udalak aldatzea erabaki du, sistema osoa berrituz: orain, gas natural bidezko galdara eta eguzki-plakak instalatu dituzte. Berrikuntza horiei esker, %35 gutxituko dute jatorri fosileko erregaien kontsumoa, ekosistemara 28,7 tona CO2 beharrean 14,9 tona isuriz. Hamar eguzki plaka berri Jone Olaskoaga Orioko Kanpineko zuzendariaren esanetan, "orain dezente jasangarriagoa izango da berotze sistema. Kanpinean uda garaian izaten dugu lan kargarik handiena, eguzki gehien izaten den hilabeteetan, eta hori aprobetxatuz, gure karbono arrastoa murrizten saiatuko gara".

Udalak hamar eguzki-plaka instalatu ditu kanpineko eraikinaren sabaian; denera, 24,9 metro koadroko azalera dute plakek. Horizontalean muntatzeko diseinatuta daudenez, binakako bost ilaratan instalatu dituzte, hegoaldera begira, eguzkiaren energia hobeto aprobetxatzeko xedearekin. "Ur beroaren galdara dagoen gelatxoan gune bat libre utzi dugu, eguzki-plakei taxuzko errendimendua ateratzen diegula ikusiz gero, aurrerago gehiago jartzeko", gehitu du Olaskoagak.  

Sistemaren berrikuntza lanek 41.000 euroko kostua izan dute, eta Orioko Udalak lehiaketa publiko bidez esleitu ostean, Fojansa enpresak egin ditu. Udalak bi dirulaguntza jaso ditu lanak egiteko: 5.499,27 euro Energiaren Euskal Erakundetik eta 5.869,96 euro Gipuzkoako Foru Aldunditik. Olaskoagak azaldu duenez, oraindik ezin dute kalkulatu sistema berriarekin elektrizitatean aurreztuko duten diru kopurua: «Neurketa zehatza datozen hilabeteetan egingo dugu, sistema berria martxan jarri eta denbora batera. Aldagai desberdinak hartu beharko dira kontuan; izan ere, urte bakoitzean desberdina izango da eguzkiarengandik jasoko dugun energia kopurua, baita bezeroen kontsumoa ere. Beraz, oraindik goizegi da kalkuluak egiteko».

Kanpin jasangarriagoa
Orioko Kanpinean jasangarritasunaren aldeko urratsak eman dituzte azken urteetan, zuzendariak azaldu duenez. "Argiteri sistema berritu zen", zehaztu du Olaskoagak. Hondakinen gaikako bilketan ere pausuak eman dituzte. "Urtero egiten dugu lanketaren bat zabor bilketaren harira. Duela urte gutxira arte, kanpinean puntu desberdinetan biltzen ziren poltsak; hori aldatu egin genuen, eta orain gune bakarrean biltzen da dena, poltsak ondo sailkatuz. Bezeroentzat aldaketa handia izan zen, baina ohitu dira, kontzientzia hartu dute". Bungalowetan ostatu hartzen duten bezeroei ere organikoarentzat poltsak ematen dizkiete, "kanpineko langileok ingurugiroaren zaintzarekiko dugun kompromisoa azaltzeko eta oporretan kontzientzia har dezaten ere laguntzeko". 

Aurrera begirako urratsak
Aurrera begira urratsak egiten jarraitzeko asmoa du Olaskoagak, kanpinaren karbono arrastoa murrizteko xedearekin. "Energia kontsumoa murriztuz, gure turismo jarduerarekin ahalik eta gutxien kutsatzea da helburu nagusia. Momentu honetan, ur beroaren sistema optimizatzera bideratu ditugu baliabideak, eragiteko tarterik handiena esparru horretan dugulako". Etorkizunean, jasangarritasunari begira, kanpineko beste azpiegitura batzuetan ere hobekuntzak egin daitezkeela uste du Kanpineko zuzendariak. «Igerilekuko instalakuntzak berritzea erabakitzen denean, adibidez, aldaketak egitea gustatuko litzaidake: igerilekuaren bolumena gutxitzea, ur gutxiago behar izateko, eta kloroa beharrean gatz-sistemaren bat erabiltzea, ingurumenean inpaktu gutxiago duten produktuekin lan egin ahal izateko. Bestalde, bezeroek hondakin poltsak kanpin kanpoaldeko edukiontzira botatzea nahiko genuke». 

Bezeroek gai horiekiko duten interesaren inguruan galdetuta, bi multzo bereizi ditu: "Batetik, hemengoak, eta betetik, Europa iparraldekoak. Bigarren horiek kontzientzia handiagoa dute ingurumenaren zaintzarekiko. Kanpin batean egoteak suposatzen duenaren kontzeptu argiagoa izanik , muzin egiten diete erosotasun batzuei; ez dituzte berogailuak erabiltzen, adibidez".  

Orioko Kanpinak prest izango ditu instalakuntza berriak denboraldia hasterako. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!