Naiara Larrañaga: "Gaztea naiz, eta sari hau lortzea interesgarria da niretzat"

Karkara 2020ko ots. 15a, 12:47
Naiara Larrañaga, 2020ko Inauterietako kartel irabazlearen egilea. (Iñigo Gaiton)

'Zarauztar ileordea' lanari esker, Zarauzko Inauterietako Kartel Lehiaketako lehen saria irabazi du Naiara Larrañaga oriotarrak.

Zer adierazi nahi izan duzu lan honekin?
Azkenean denok lotzen dugu ileordea mozorroekin eta inauteriekin. Beraz, ideia horri tiraka, Zarauzko ezaugarriak txertatu dizkiot kartelari, esaterako, ilearen ordez olatuak jarrita.

Hasieratik al zeneukan garbi ideia hau ala egin ahala joan zara esperimentatzen?
Egia esan, ez neukan garbi hasieran. Hasi nintzen olatuen kontuarekin, eta gero pixkanaka-pixkanaka Zarautzek berezko dituen ezaugarriak sartzen joatea erabaki nuen.

Sorkuntza prozesuari dagokionez, teknikoki zer izan da zailena, errazena... Nola izan da lanketa?
Zarautz ordezkatuko zuen zerbait landu nahi nuen, eta horri ileorde bat jarri. Kostako herria izanik, ideia polita iruditu zitzaidan urari presentzia ematea, baita toldoei eta surflariei ere.

Zer suposatzen du zuretzat lehiaketa hau irabazteak?
Niretzako handia da horrelako lehiaketa bat irabaztea. Norbere burua ezagutzera emateko aukera ematen duela uste dut, eta, alde horretatik, polita da. Azken finean, gaztea naiz, eta sari hau lortzea interesantea da niretzat.

Zure lan artistikoen barruan, kartel hau non kokatuko litzateke?
Egia da ez ditudala nire kabuz gauza askorik egiten, gehienbat lanerako egiten ditudalako lanak. Baina kartelgintza nire lan pertsonaletan sartzen dut, nahiz eta ez naizen horretara bakarrik mugatzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!