Itxaspeko bidea itxita izango da datorren astelehenetik aurrera

Karkara 2020ko ots. 20a, 13:00

Obrak datorren astelehenean hasiko dira eta 10 bat astetan bukatzea aurreikusten du Udalak. Hala ere, Aste Santurako bidea irekitzea da asmoa.

Orioko Udaletik jakinarazi dute datozen asteetan obrak egin behar dituztela Itsaspeko bidean, ezpondak egonkortu eta segurtasuna bermatzeko. Hori dela eta, bidea itxita egongo da autoentzat eta oinezkoentzat otsailaren 24tik aurrera.

Itxaspeko goiko bidean egingo dituzte lanak, asfaltozkoan: bidearen segurtasuna bermatzeko, mikropiloteak ezarriko dituzte lau tokitan. "Bidea oso estua denez, ezinezkoa da txandakako pasaera ezartzea eta derrigorrezkoa da ixtea zirkulaziorako", azaldu dute udaletik. Anduko bidegurutzean itxiko dute bidea eta, beraz, autoek ezin izango dute hortik aurrera pasatu.

Obrak datorren astelehenean hasiko dira eta 10 bat astetan bukatzea aurreikusten du Udalak. Hala ere, Aste Santurako bidea irekitzea da asmoa.

Obra Construcciones Zubieder enpresak egingo du eta 164.506,11 euroko kostua izango du (BEZa barne).

Hondartzatik gora doan bidea ere, itxita
Hondartzatik Itxaspe aldera abiatzen den bidea ere itxi egingo du Orioko Udalak, segurtasunagatik. "Lanak goiko bidean egingo badira ere, badago arriskua hango harri solteak-eta beheko bideraino iristeko eta, beraz, herritarren segurtasuna zaintzeko, beheko bide hori ere ixtea erabaki dugu. Ez da erabaki kapritxoso bat; benetako arriskua dagoelako itxiko dugu bidea, eta herritarrei debekua errespetatzea eskatzen diegu, beren onerako", nabarmendu dute Orioko Udaleko ordezkariek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!