"Sevillanak modu herrikoian transmititzen dira Andaluzian"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ots. 21a, 09:22
Teresa Torres flamenkoa dantzatzen.

Teresa Torres oriotarrak sevillanen ikastaroa martxan jarriko du martxoan, Orioko Kosta Kultur Tailerrean. Saioak igande arratsaldeetan izango dira.

TERESA TORRES AZNAR - Flamenko dantzaria

Nola sortu zitzaizun Orion Sevillako dantzen ikastaroa emateko ideia?
Flamenko talde bateko kidea naiz; bi gitarra-jotzailek, perkusionista eta flamenko kantari banak eta bi dantzarik osatzen dugu taldea. Orain, txistulari bat ere badugu gure artean, euskal musika eta flamenkoa fusionatzen hasi baikara. Orioko Udalak igande arratsaldeetan Kosta Kultur Tailerrean entseatzeko aukera eman digu, eta garai horretan ingurutik jende asko pasatzen denez, flamenkoa entzundakoan gerturatu egiten dira asko. Ikastarorik ematen ote dugun ere galdetzen digute, eta herritarrek interesa dutela ikusita, Orion sevillanak ikasteko lantegia antolatzea bururatu zitzaidan. Gainera, udalak entseatzeko lokala musutruk uzten digu; beraz, zer gutxiago, astean ordubetez sevillanen ikastaroa eskaintzea baino?

Ikastaroa doakoa izango da, beraz?
Bai, sevillanak herri-dantzak dira, eta Andaluzian [Espainia] modu herrikoian transmititzen dira belaunaldiz belaunaldi; ez dut uste horregatik ordaindu behar denik. Nik, esaterako, kalean ikasi nituen, nire lagunak eta bizilagunak dantzan ikusita.

Horrez gain, zuk flamenkoa ere dantzatzen duzu, ezta?
Bai, 10 urterekin hasi nintzen flamenkoa dantzatzen, baina Euskal Herrira etorri nintzenean utzi egin behar izan nuen, ez bainuen aurkitzen benetako flamenkoa dantzatzen zen tokirik. Zenbait dantza eskolak flamenko ikastaroak eskaintzen zituzten, baina ez zen zuzeneko musikarekin dantzatzen, potoko musika deitzen diogunarekin baizik; hau da, grabazioak entzunda. Flamenkoa ezin da horrela dantzatu, gutxienez zuzeneko gitarra doinua eta txaloak behar baititu dantzariak inprobisatu ahal izateko. Hori da flamenkoaren muina, musikaren erritmoa jarraitzen jakitea.

Askotan sevillanak eta flamenkoa nahastu egiten dira.
Flamenkoa musika mota bat da, eta berez Andaluzian, Extremaduran, Aragoin eta Espainiako beste hainbat lurraldetan du jatorria. Dena dela, ijito asko Andaluzian finkatu zirenez, askok uste dute jatorri andaluziarra duela, baina askoz zabalagoa da. Flamenkoak kantaera ugari ditu: buleria, tarantoa, tangoa, fandangoa eta beste hainbat. Horietako bakoitzak bere istorioa du, eta sentimenduek zeresan handia dute; batzuek tristura adierazi nahi dute, beste batzuek amorrua, poztasuna edo haserrea. Sevillanak berriz, herri-dantza alaiak dira. Hasiera batean, Sevillako etxeetako patioetan dantzatzen zituzten lagun eta familia giroan, baina denborarekin Andaluzia osora zabaldu ziren, eta jaietan eta erromerietan dantzatzen dituzte, Euskal Herrian arin-arina eta fandangoa bezala. 

Sevillanek esanahirik ba al dute?
Lau sevillana dira, eta gizon eta emakume baten arteko maitasun istorioa kontatzen dute. Hasieran bikoteak topo egiten du, gero liskar bat izaten dute, baina arazoa konpondu eta ongi amaitzen da istorioa. Hala, sevillanak oinarrizko dantza urrats batzuez osatuta daude, eta hortik aurrera, dantzari bakoitzak bere grazia ematen die. 

Zaila al da sevillanak dantzatzen ikastea?
Parte hartzaileek ez dute horregatik kezkatu beharrik, oinarrizko urratsak irakatsiko baititugu ikastaroan. Batzuk urduri jartzen dira hankak eta besoak koordinatzea zaila egiten zaielako, baina une oro hankekin zer urrats egin behar duten pentsatzen ari direlako gertatzen zaie hori. Granadan ere ematen nituen sevillanen eskolak, eta urratsak kantatzeko ohitura dut: «Golpe alante, pico atrás, marco patada». Horrela parte hartzaileei abestia buruan sartzen zaie.

Ikastaroan parte hartzeko zer egin behar da?
Kultur Etxeko harreran eman behar da izena. Whasapp talde bat sortuko dut, eta horren bidez jarriko naiz parte hartzaileekin harremanetan.

III. Flamenko Jaialdi solidarioa






Teresa Torresek flamenkoa dantzatzen duen El Duende De Sole flamenko zentroak eta Andoaingo Udalak ikuskizun solidarioa antolatu dute Andoaingo Bastero kulturgunean (Gipuzkoa), martxoaren 13an. III. Flamenko Jaialdia izango da, eta Soledad Ruz, Beatriz Morales eta Kelian Jimenez dantzariak igoko dira oholtza gainera, «goi mailako» flamenko ikuskizuna eskaintzeko. Txarteldegian bildutako diru guztia Arrats elkartearentzat izango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!