“Kantuak orain hasi dira berriz bizia hartzen”

Urko Ansa / BADOK 2020ko ots. 23a, 16:00

Olatz Zugasti elkarrizketatu dute BADOK musika atarian.

Zuzeneko lan bikoitza argitaratu berri du Olatz Zugastik (Hernani, Gipuzkoa, 1965). Bene-benetakoa, artifiziorik gabea eta zintzoa. Kontzertu baten grabazio normal bat izan zen hasiera batean, inolako prestaketa berezirik gabekoa, baina grabazioaren soinu txukuna ikusita ordea, argitaratzeko erabakia hartu zuten, Orion zuzenean (Kantaita Enea Records, 2019 ) izenburu soilarekin. Badauka, ondorioz, gordintasun puntu bat. Haatik, zuzeneko mikrofonia normala erabili bazuten ere —publikoa grabatzeko mikro berezirik gabe—, bertako giroa eta atmosfera sentitu egiten da lan osoan. Zugastiren azalpenak ere interesgarriak dira oso, dela kantuen nondik norakoak azaltzeko, dela musikarien edo bestelako kontu argigarriak azaltzeko. Bere ibilbide osoari errepasu egin dio beraz, Bulun bulunka lana kenduta. Orion egin dugu hitzordua Olatzekin berarekin. Benito Lertxundi geroago azalduko da, eta luzaroan arituko gara kontuak esaten, grabagailua itzalita ere.

Aurreko diskoarekin zuzenekoetara salto egin zenuen, eta orain zuzeneko diskoa atera duzu, bikoitza gainera. Ez zegoen aurrez prestatua, baina grabazioa entzun eta maila ona zeukala konturatu zineten.
Bai, nik normalean ez dut eskatzen grabatzeko, baina gure teknikariek, Eragin enpresakoak, batzuetan multipistas bat ekartzen dute eta grabatzen dute beren probak egiteko. Batzuetan guri pasatzen digute entzuteko, kontzertua nola joan den ikusteko.

Eta nola geratu den gustatu zaizu.
Ordura arte ez nuen planteatu. Behin baino gehiagotan pasa zidaten grabaketa. Bazeuden elementu batzuk nahiko duinki emanak, eta berotasun hori, hunkidura hori ere bazuen. Eta grabazioa ondo zegoen. Falta ziren gauzatxo batzuk; nire gitarra, esate baterako, beste bide batetik sartuta zegoen eta entzuten zen oihartzun bat bakarrik. Tira, hori detailetxo bat zen; beste guztia ondo zegoen. Baina ez zegoen aurrikusita. Zuzeneko bat grabatzeko, teknika aldetik beste mikrofonia mota bat jartzen da, potentzia gehiago daukana. Bolumena igo behar baduzu, ez dira agertzen ufakoak eta beste. Kasu honetan, zuzeneko mikrofonoak ziren.

Horrek presiorik gabe jotzera eraman zintuzten, ezta? Kontzertu arrunt baten moduan egin zenuten. Hala ere, Orion izanik, ez zen edozein kontzertu. Jendearen babesa ere nabaritzen da.
Bai, hunkidura momentuak egon ziren. Hor dago, adibidez, beste detaile bat erakusten duena ez zegoela aurrikusita, normalean zuzeneko diskoek mikrofonia erabiltzen dutelako publikoaren soinua ere hartzeko, eta ez zegoen halakorik. Orduan, publikoa pixka bat urrun entzuten da, baina esan nuen: “berdin da”. Duinki iruditzen zait dagoela, eta era berean bilduma bat ateratzeko asmotan nenbilen, nire ibilbidea laburtuko zuena, eta bat-batean esan nuen: “uste dut merezi duela hori ateratzea”. Niretzat ere berezia zen, lehen aldia baitzen Benito nire kontzertu batera zetorrena. Harrituko zaizu.

Elkarrizketa irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!