Aizperroren lesioaren ondorioz, atzeratu egin dute Peñagarikanorekin duen apustua

Karkara 2020ko ots. 27a, 12:17

Josean Olaskoaga 'Aizperro'-k duela egun batzuk min hartu zuen harriarekin entrenatzen ari zela, eta hark erronkaren data atzeratzea eskatu dio Kepa Peñagarikanori. Azpeitiko zezen plazan zuten hitzordua jarrita martxoaren 14rako, baina pare bat astez atzeratuko dute apustuaren data.

Bi aste pasatxo falta direla, Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarrak eta Josean Olaskoaga Aizperro arraunlari ohi oriotarrak apustua atzeratzea adostu dute. Aizperrok duela egun batzuk min hartu zuen harriarekin entrenamendu saioa egiten ari zela, eta hark erronkaren data atzeratzea eskatu dio Peñagarikanori. Azpeitiarrak onartu egin du eskaera, eta data zehatza hitzartzeko duten arren, herri kirol apustua martxoaren bukaera aldean jokatzea aurreikusten dute.

Berez, martxoaren 14an ziren apustua jokatzekoak. Azpeitiko zezen plazan zuten hitzordua jarrita egun horretako 18:00etarako. Dena den, egun horretan ez dute jokatuko eta data berria adosteko dute gaur-gaurkoz. Hala eta guztiz, ziurrenik pare bat aste beranduago lehiatuko dira bi kirolariak.

Joan zen azaroaren 22an adostu zuten apustua Peñagarikanok eta Aizperrok Azpeitiko Mendizabal tabernan. Zehaztuta dute egin beharko dituzten lanak zeintzuk izango diren: bi kirolariek ehun kiloko harriari 35 altxaldi egin beharko dizkiote, kanaerdiko sei enbor ebaki beharko dituzte eta 4,5 kilometro osatu beharko dituzte korrika.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!