Salatxo eta Eresmin koruek kontzertua emango dute gaur arratsaldean

Karkara 2020ko ots. 29a, 08:30

Zaporeak proiektu solidarioaren alde emango dute kontzertua Orioko elizan, 20:00etatik aurrera.

Eresmin Abesbatzak Jaime Tejadas zuzendariaren gidaritzapean, eta Salatxo Abesbatzak Igor Arroyoren aginduetara, kontzertua eskainiko dute Orioko Elizan arratsaldean, 20:00etan hasita. Eresmin abesbatzak 25 urte bete ditu aurten, eta hilabetero Zaporeak proiektu solidarioari eskainiko dio kontzertu bat. Sarrera doakoa izango da, eta amaieran entzuleek ekarpena egiteko aukera izango dute.

Gero eta gogorragoa da Greziar irletako errefuxiatuen egoera

2020. urtea hasi zenetik, iheslariek bizi duten egoera oso kaskarra da. Urte betean, 2018 eta 2019 urte artean, pertsona errefuxiatuen kopurua hirukoiztu egin da irletan. Guztira, 42.000 pertsona daude gose, hotzez, oinarrizko eskubide guztiak zapalduta, inolako bermerik gabe eta asilo eskaerak blokeatuta. Greziako gobernuak hartutako hainbat erabakiren ostean, egunotan, hamaika mobilizazio bizitzen ari dira Greziar uharteetan, bai errefuxiatuen aldetik —beraien egoera salatuz— bai eta tokiko bizilagunek ez dituztelako CIE deritzan horiek eraikitzerik nahi. Eraikin horietan errefuxiatuak pilatzeko asmoa adierazi du Greziako gobernuak eta, ondorioz, errefuxiatuak Grezian egoten jarraituko lukete eta bertako gizarteak ez du hori gertatzerik nahi.

Bestetik, egoera oso latzak bizitzen ari dira bertan dauden iheslariak. Erabateko prekarietate horretan, eskorbutu kasuak azaltzen ari dira eta emakumezkoen artean, aurrez eman gabeko fenomeno bat atzeman dute: ez dute edoskitzeko esnerik sortzen. Bularreko esnerik gabe, haur jaioberriek ez dute nahiko elikagai eta beraien garapen fisikoa oso baldintzatuta dago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!