“Nire apurtxoa jarri nahi nuke munduan gauzak hobetzeko"

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 2a, 17:04

Egunez egun hondakinen arazoa larritzen ari da mundu zabalean nahiz gure herrietan. Plastikoa gure bizitzetako txoko guztietan aspaldi sartu da; bereziki, elikagaiak biltzeko erabiltzen da. Horren alternatiba bila, ikerketa asko ari dira egiten herrialdeak, eta proiektu horietako batean dabil buru-belarri Jone Uranga (Orio, 1992) ingeniari kimikoa, EHUko Biomat programaren barruan.

Arrain hondakinak hartu, eta hainbat material sortu dute, batez ere elikagaiak biltzeko balio duena. “Plastiko gehien elikagaien ontziratzean erabiltzen da. Beraz, gure materialak elikagaien ontziratze horretara bidera daitezke. Horrez gain, baditugu Biomedikuntza arloan erabiltzeko aproposak diren materialak ere”.

Zer lortu duzue, zehazki, arrain hondakinekin?
Arrain-gelatina erabilita, propietate ezberdinetako materialak prestatu ditugu, eta horietako batzuek sukaldeko lm transparentearen itxura dute; baina ez guztiek. Arrain gelatina arrainen hezur, azal, ezkata eta tendoietan aurkitzen den kolagenotik eratortzen da. Izan ere, hondakin horiek hainbat prozesuren bidez tratatzen badira, gelatina lor dezakegu. Guk laborategian erabiltzen duguna eta merkatuan dauden gelatinak gauza bera dira. Hori bai, merkatuan behi edo txerri gelatina aurkitzen da batez ere.

Zergatik aukeratu zenuten arraina?
Txerriarenarekin edo behiarenarekin ere egin daiteke, baina guk arrainarena aukeratu genuen, uste dugulako hain zuzen beste bi horiek gehiago erabiltzen direla, eta baita arrain hondakin horiei balioa emateko eta zerbaitetarako erabili ahal izateko ere. Helburua da industriako hondakinei balioa eman eta horrela material berriak sortzea. Material berri horiek sortzeko hainbat prozesu erabili ditugu, eta arrain gelatina izan da oinarria. Beste substantzia batzuk ere erabili ditugu, materialaren propietateak hobetzeko.

Zientzian, ikerkuntzan, emaitzak ez dira berehalakoak izaten. Zuek lortu duzue helburua.
Bai. Industria mailan, esaterako, konpresio bidezko moldaketa asko erabiltzen da, eta guk lortu dugu material bat lortzea arrain gelatinarekin prozesatze mota hori erabilita. Gure nahia lortu dugu: laboratorioan material horiek sortzea. Orain gelditzen da industriara bideratzea. Hori da konplikatuena, horretarako enpresetan interesa piztu behar baita horrelako materialekin lan egiteko. Oraindik posibilitate asko daude,gainera: adibidez, beste hondakin batzuk erabiltzea.

Merkatura begira, zer aukera ikusten dituzu?
Plastiko gehien elikagaien ontziratzean erabiltzen da. Beraz, gure materialak horretara bidera daitezke. Biomedikuntza arloan erabiltzeko aproposak diren materialak ere baditugu.

Adibide zehatzik?
Esaterako, gazta biltzeko erabili dugu geuk prestatutako material bat, eta gero plastiko normalarekin egin genuen alderaketa, ikusteko egoera onean zenbat denbora irauten zuten. Taldekide batzuek arraina ere bildu zuten geuk prestatutako materialarekin, eta parametro batzuk analizatu zituzten, ikusteko ondo mantentzen zela bildutako genero hori. Esan bezala, elikagaiak biltzeko balio du.

Eta biomedikuntzan, zertarako balio dezake zuen ikerketak?
Apositu bezala, zauri bat azkarrago sendatzeko balio dezake. Film batzuk sortu genituen, ondoren giza azalean azterketa batzuk egin genituen, eta emaitza arrakastatsuak lortu ziren. Drug delivery (farmakoen askapena) deiturikorako ere erabil daiteke. Hau da, medikamentuak bildu ahal izateko, eta hortaz, gure materialean bertan joango litzateke farmakoa kapsulatuta.

Donostiako Ingeniaritza Eskolan egin duzue ikerketa. Unibertsitateak zer tresna dituzuek lortutakoa aplikatzeko, hau da, zuen produktua merkaturatzeko?
Guk ezingo genuke errentagarritasun ekonomikorik lortu gure materialekin, eta patenteren bat sortzekotan, Unibertsitateak izango luke patente horren eskumena. Proiektu bidez, hori bai, kolaborazio batean lan egin ahalko genuke enpresekin produkturen bat merkaturatzeko.

Material bat baino gehiago lortu duzue. Zertan dira desberdinak material horiek?
Aplikazio bakoitzak propietate zehatzak eskatzen ditu, eta eskakizun horietara zuzendu behar da gure materiala. Azken batean, letxuga biltzeko edo gazta biltzeko behar diren propietateak desberdinak dira, gazta oliotsua delako, letxugak ur gehiago duelako... Beraz, parametro desberdinak kontuan hartu behar dira. Azken batean, plastikoez hitz egiten dugunean ere, orokorrean hitz egiten dugu, baina hainbat plastiko mota dago, batzuk gogorragoak, beste batzuk lm transparentea bezalakoak... Denetan erabili dugu oinarri bezala arrain gelatina, baina gehigarri zehatzak konbinatuta saiatu gara propietate bat edo beste lortzen.

Zenbat denbora eskatzen du material bat sortzeak?
Prozesuaren araberako denbora behar izaten da, batzuetan minutuak baino ez eta besteetan pare bat egun inguru. Baina prozesu guztiak–materiala zerekin eta zer prozesu erabiliz egin nahi dugun pentsatzea, sortzea eta karakterizatzea eta lortuta emaitzak interpretatzea– gutxienez hiru hilabete behar dituela esango nuke, orokorrean. Gainera, analizatu behar denaren arabera, gehiago ere luza daiteke.

Propietate bakoitza aztertzeko ekipo zehatzak dituzue.
Bai, denetarik dugu. Propietate mekanikoak aztertzeko daukagu makina bat materiala estiratzen duena. Hala, ikus dezakegu zenbat indar jasaten duen, noiz puskatuko litzatekeen, zenbat luzatzen den. Ukipen angelua ere aztertzen dugu, hau da, materialari ur tanta botatzen diogu, eta software batekin angelua kalkulatzen dugu. Bestetik, iragazkortasuna aztertzeko, ekipo baten barruan sartzen dugu materiala eta ur baporea pasatzen da bertatik; sistemak aztertzen du zenbateko iragazkortasun koe zientea duen. Ultramore izpiekiko hesia ere aztertzen dugu, ikusteko ea xurgatzen dituen ala ez. Propietate siko eta kimikoak infragorri izpien bidez aztertzen dira. X izpiekin, berriz, aztertzen da zati amorforik edo kristalinorik badagoen gure materialetan. Tenperatura aldetik, ikusten dugu zenbat jasaten duen gure materialak, etab.

Elikagaiekin lotuta daudenez zuen materialak, segurtasunari dagokionez ere pasa beharko dituzte test zorrotzak, ezta?
Guk ez dugu egin, gure laborategian ez daukagulako horretarako aukerarik. Aztertu beharko litzateke gure materialetik zer substantzia eta zer kantitatetan askatzen diren eta ea onargarria den askatzen den hori. Guk substantzia naturalak erabiltzen ditugu (besteak beste gelatina, azido zitrikoa, eta glizerola) eta horiek guztiak onartuta daude elikadura munduan. Onartuta dauden substantziak erabiltzen badituzu, berez ez luke arazorik eman behar horien askatzeak, baina merkaturatu aurretik ondo aztertu beharko litzateke hala eta guztiz ere.

Ultramore izpiak ere aipatu dituzu. Zuen materialak xurgatzen al ditu?
Bai, xurgatzen ditu, eta beraz, ona da, esan nahi duelako gehiago iraungo duela elikagaiak.

Laborategiko lanetik zer duzu gustukoen?
Ikerketa munduan bitan bana genezake lana: batetik, laborategian egiten diren analisiak daude, eta bestetik, ordenagailukoa, hau da, datuen interpretazioa. Laborategian zure prozedurak egiten dituzu, materialak karakterizatzen dituzu, propietateak aztertzen dituzu eta ikusten duzu zuk sortu duzunak funtzionatzen duen ala ez... Nik laborategiko lana dut gustukoen, baina bestea ere behar- beharrezkoa da ikerketa lana aurrera joan dadin eta zure materialak hobeto ulertzeko. Bien arteko oreka bat edukitzea ez da gaizki etortzen, beti gauza bera egiten ez aritzeko.

Zure ustez, zer mailatan gaude Hego Euskal Herrian Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntzan (I+G+B) erakunde publiko nahiz pribatuei dagokienez?
Nik uste dut ikerketa asko egiten dela Euskal Herrian. Parke teknologikoak daude Donostian , Bilbon eta Gasteizen. Hori bai, oso exigentea da mundu hau, curriculum oso-oso ona eduki behar da bertan lan egitea lortzeko. Ikertu nahi duen jende asko gaude, eta ez dago horrenbeste aukera.

Zer berrikuntza ikusten dituzu mundu mailan zuen arloan?
Badaude material berriztagarri eta biodegradagarriak merkatuan, baina ezinezkoa da plastiko mota guztiak bat-batean material bakarrarekin ordezkatzea. Gainera, gaur egun merkatuan dauden zenbait bioplastikok, esaterako Nespressoko kapsula biodegradagarriek, oraindik badute propietateak hobetzeko beharra nire ustez. Hala ere, gure helburua ez da material bakar batekin plastikoa ordezkatzea, baizik ekarpen txikiekin, pixkanaka- pixkanaka, ez biodegradagarria eta ez berriztagarria den plastikoa baztertzea. Batik bat erabilera bakarreko edo epe-laburreko plastikoak ordezkatzea litzateke helburua, izan ere, horiexek dira zabor kantitate handiak sortzearen iturri nagusia. Pixkanaka joan behar dugu plastiko horien erabilera murrizten, aplikazio zehatzetarako material berri lehiakorrak ditugunean aplikazio horretarako erabiltzen den plastikoa baztertuz, nolabait esatearren. Eta material horiek hondakinetatik etortzen badira, hobe. Izan ere,badago hondakinen arazoa ere.

Posible izango da hamarkada batzuetan iraultzea egungo egoera plastikoari eta hondakinei dagokionez?
Nik uste dut ari dela horren inguruan ikertzen. Gakoa prezioetan dago, polietileno bat edo polipropileno bat askoz merkeagoa delako gelatina baino. Gelatina hamar aldiz garestiagoa da kiloko. Horrek ez du laguntzen industriaren kontzientziazioan – ingurumenarekiko lagunkoiak diren materialak prestatzeko kontzientziazioan–. Beraz, ezin da erabateko konpetentzia egin horretan. Baina pixkanaka ari dira merkatuan sartzen bestelako materialak, eta egoera aldatu ahalko litzateke. Tira, nire nahia hori da behintzat.

Ingurumenaren arloa asko interesatzen zaizu. Badaude, ingeniari bezala, lorpen nagusitzat ikusten dituzun aurrerapenak arlo horretan?
Zaila da zerrenda bat egitea. Askotan iruditzen zaigu ingurumen aldetik hobea dela, baina prozesu osoa aztertu behar da. Esaterako, kotxe elektrikoari dagokionez, badirudi gasolinarik edo gasoleorik erabiltzen ez duelako eta ez dagoelako konbustio hori, ingurumenarekiko lagunkoiagoa dela, baina aztertu behar da kotxera datorren energia elektriko hori nondik datorren , eta ordura arte ezin da esan onuragarriagoa den ala ez. Analisi sakona egin behar da hobekuntza bakoitzaren aurrean. Analisi horri bizi- zikloaren ingurumen-analisia deitzen diogu, eta geuk ere egiten dugu laborategian: gure materiala aztertzen dugu, hasiera-hasieratik hasita, sortzen dugunetik, amaierara arte, erabilera eduki eta gero, ikusteko ingurumenean inpaktu positiboa ala negatiboa edukiko lukeen.

Zer materialekin egin duzue azterketa hori, esaterako?
Kitina lortu genuen txibi lumetatik, eta aztertu genuen erauzketa prozesu horrek beste prozesu
batzuekin alderatuta ingurumen inpaktu txikiagoa edo handiagoa zuen. Azterketa horretan ikusi genuen beste prozesu batzuekin alderatuz gure prozesua ingurumenarekiko lagunkoiagoa zela. Behin jakinda kitina honen erauzketa prozesua ingurumenarekiko lagunkoia zela, egokia iruditu zitzaigun arrain-gelatinazko oinarria zuen material bati gehitzea; hain zuzen, propietate mekanikoak hobetzeko.

Epe laburrera begira, zein dira zure asmoak?
Inflexio puntu batean aurkitzen naiz. Pentsatu beharra daukat, doktoretza amaitu dudanez, postdoktoretza eskatu, ikerketa munduan jarraitzeko, edo bestela, enpresa munduan zerbait bilatu beharko nuke. Zer egin pentsatzen ari naiz, ikerketa mundua ez delako erraza. Bekaz beka ibiltzen zara eta ez dakizu epe luzera zer edukiko duzun. Polita da, eta asko ikasten da, baina beti horrela ibili beharra ere gogorra da. Irakaskuntzan ere egin ahalko nuke zerbait, ez dut biderik itxita uzten.

Baina gustatuko litzaidake ikerketan jarraitzea. Enpresa batean ere, I+G+Bko atal batean lan egitea ondo egongo litzateke, edo gauza berriak ikastea. Azken batean, materialak interesgarriak dira, baina beste gauza batzuk ere badaude interesgarriak.

Adibidez?
Ingurumenaren aldeko gauzak egitea asko gustatzen zait, baina ez daukat ideia zehatzik zer nahiko nukeen. Dakidana da gustatuko litzaidakeela zerbait berria probatzea.

Ametsik baduzu?
Ez bereziki; nahiko nuke ingeniaritza kimikoan lanean jarraitu eta nire apurtxoa jarri ikertuz munduan gauzak hobetzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!