“Emakumeok geure artean noka”

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2020ko mar. 3a, 15:58

Hizkuntzaren eta generoaren artean “lotura estua” dagoela uste dute Orioko Ahalduntze Eskolako kideek. Horregatik, noka ikastaroa abiatu dute, hizkuntzaren bidez transmititzen diren botere harremanak hautsi eta emakumeek gizartean galdutako eremua berreskuratu dezaten.

Otsailaren 21ean abiatu zuten noka berreskuratzeko ikastaroa Orion, emakumeen arteko edo horiei zuzentzeko erabiltzen den hizkuntza erregistro informala pixkanaka herrian galtzen ari dela konturatuta. Orioko Udaleko Euskara batzordeak eta Orioko Ahalduntze Eskolak elkarlanean martxan jarritako ekimena da, eta antolatzaileak “oso gustura” daude lantegiak emakumeen artean izan duen harrerarekin. Izan ere, 22 lagunentzako tokia zegoen ikastaroan, eta aspaldi bete zen dena.

Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuak proposatu zion ahalduntze eskolari nokaren inguruko ikastaroa antolatzea. “Nokaren galera orokorra da: Euskal Herri osoan gertatu da, eta Orion ere nabarmena da. Gure herrian, ordea, badaude oraindik nokaren sua berriro piztu dezaketen txinpartak, emakume batzuk —ez asko, baina badira— normaltasun osoz erabiltzen segitzen dute-eta”, azaldu dute Euskara batzordeko kideek. Hala, azken aldian, mugimendu feministak hartu duen indarraren anparoan, nokarekiko interesa berritu da gazteen artean eta hainbat egitasmo abiatu dira han eta hemen nokaren ezagutza eta erabilera sustatzeko. “Testuinguru horretan erabaki dugu guk ere gaiari heltzea: Ahalduntze Eskola sortu berri denez, iruditu zaigu momentu egokia zela noka indartzeko ahalegin hau abiatzeko. Euskarak eta feminismoak badute bide bat elkarrekin egiteko, eta aurrerago ere antolatuko ditugu ekimen gehiago elkarrekin”, azaldu du Jabier Zabaleta Orioko Udaleko Euskara teknikariak.

Euskara eta feminismoa
Hasiera batean noka lantzeko ikastaroak hizkuntza arlora mugatzen dela badirudi ere, emakumeen ahalduntzearekin “erlazio zuzena” duela azaldu dute Ahalduntze Eskolako Eider Goiburuk eta Aizpea Esnaolak. “Kulturatik datozen balioak transmititzeko tresna da hizkuntza. Hori dela eta, kultura matxista den heinean, hizkuntza ere matxista da. Gainera, Orion tokaren erabilera orokortzen ari da eta, gazteek batez ere, emakumeei zuzentzerakoan ere toka erabiltzen dute”.

Nesken artean noka galtzeaz harago, Ahalduntze Eskolako kideak kezkatzen dituena da zenbait neska kuadrilletan edo neskez eta mutilez osatutako taldeetan beren artean toka hitz egiteak. “Gazteen artean zabaltzen ari den ohitura da”, eta tokaren erabilera gizon zein emakumeei zuzentzeko erabiltzen denean, “hierarkizazio” bat gertatzen dela adierazi dute Berdintasun teknikariek. “Izan ere, emakumeei toka hitz egiten zaigunean, hizkuntzaren bidez ikusezin bihurtzen gaituzte. Emakume askori atentzioa ematen digu, bortitza egiten baitzaigu, baina beste askorentzat normala bihurtu da, etengabe entzuten duten forma delako”, adierazi du Esnaolak.

Horregatik, tokaren orokortzeari aurre egin, emakumeak ahaldundu eta galdutako eremuak berreskuratzeko, noka ikastea eta erregistro horren erabilera indartzea bide egokia dela uste dute Goiburuk eta Esnaolak. “Jendartean gure tokia berreskuratu behar dugu. Toka gizon zein emakumeekin hitz egiteko erabiltzea, ez da ondoriorik gabe akzio bat, emakumeak espazio sinbolikotik ateratzea baitakar”. Hala, noka ikastaroa martxan jarriz, emakumeek gizarteko parte direla eta izendatuak izan nahi dutela aldarrikatu nahi dute. “Euskarak emakumeak izendatzeko aukera ematen digu, horregatik berreskuratu eta indarra eman nahi diogu”.

Bestetik, ahalduntzeko tresna izateaz gain, nokak emakumeen arteko konplizitatea errazten eta indartzen duela ere uste dute Berdintasun teknikariek. “Emakumeon artean gertuko harremana sustatzen duen erregistroa da, eta uste dut harreman eredu horrek gailendu behar duela gure artean”, azaldu du Eider Goiburu teknikariak. “Ez da berria, Orioko emakumeek beti erabili baitute noka beren artean harremantzeko”.

Gazteen hizkuntza ohiturei arreta jarriz gero, herrian nokaren erabilera desagertzear dagoela badirudi ere, 50 urtetik aurrerako emakumeen artean bizi-bizirik dirau oraindik. “Inguruan baditugu noka Orion baino gutxiago erabiltzen duten herriak. Zorionez, adineko emakume askok erabiltzen dute belaunaldiz belaunaldi transmititu den noka, eta hori oso aberasgarria da. Erreferenteak baditugu herrian, eta polita izango litzateke gazteok noka ikasi eta betidanik erabiltzen dutenekin praktikatzea”.

Feminismoaren barruan, orain arte gutxi landu dute nokaren erabilerak emakumeen ahalduntze prozesuan izan dezakeen garrantzia. “Hizkuntza sexistaz hitz egiten denean, esaera zaharrak eta esamolde mordoa aztertzen dira, euskarak forma generikoa markatzen ez badu ere, badituelako sexismo hori transmititzeko moduak. Lanketa horretan ez da hitanoaren gaia gehiegi sakondu, hau da, orain arte gutxi jorratu da ahalduntze prozesuak martxan jartzeko baliabide moduan”. Horregatik, Orion bezalaxe, hainbat herritan noka berreskuratzeko egitasmoak martxan jartzen ari dira. Azpeitian esaterako, Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko tresna jardunaldiak egin zituzten iaz. Beste zenbait herritan, Gabirian eta Errenterian kasu, Nokaldiak antolatu zituzten, eta paparrean txapa zeramaten herritarrek beren artean noka aritzeko konpromisoa hartu zuten. Dena dela, Oriokoa bezalako noka tailer gutxi egin dira orain arte, eta nokaren erabilera indartzeko balio izatea espero dute antolatzaileek.

Orioko Euskaltegia
Orioko Euskaltegiko irakasle Amaia Zaldua izango da noka ikastaroko gidaria, eta ilusioz hartu du erronka. “Urola Kosta mailan eta Euskal Herrian hitanoa lantzeko ikastaroak antolatu izan dira, baina orain arte gutxi jorratu da noka. Urola Kostako AEKtik beti izan dugu noka lantzeko gogoa, eta Orioko Udalak eta Orioko Ahalduntze Eskolak proposamena egin zigutenean poztu egin ginen”. Izan ere, AEKko kideek duela sei urte erabaki zuten beren artean noka hitz egitea. “Gehienok emakumeak gara, eta noka aritzeko ohitura dugu. Dena dela, ni ez naiz joango aditu bezala, aritu bezala baizik. Amaia Olazabal lankidea ere nirekin izango da, eta guk nola hitz egiten dugun erakutsiko diegu ikasleei”.

Ikastaroa praktikoa izango da, eta helburu zehatza lortu nahi du Zalduak: parte hartzaileei noka “zuzen” hitz egiten erakustea. “Lehen egunetik noka hitz egiten jarri nahi ditugu ikastaroan parte hartzen duten emakumeak. Egia da hitanoa bizirik dagoela gure eskualdean, baina hiztunek ez dakizkite arauak, eta batzuetan gaizki hitz egiten da”. Horregatik, oinarrizko teoria ere azalduko dute lantegian.

Bailarako emakumeak
Oriotarrek ez ezik, inguruko herrietako emakumeek ere ikastaroan interesa agertu dute. Hala, oriotarrez gain zarauztarrek eta usurbildarrek ere parte hartuko dute lantegian. 22 lagun inguruko taldea biltzea aurreikusi zuten antolatzaileek, eta uste baino lehenago bete zen izen-emate zerrenda. Orioko Ahalduntze Eskolako kideek iritzi diote oro har herrian badela emakumeei zuzenean eragiten dieten hainbat gai jorratzeko nahia. “Ez dakigu orain arte gauzak antolatzerakoan gehiegi pentsatu izan den emakumeengan. Agian herritar orori zuzendutako lantegiak antolatu izan dira, baina gizarteaz orokorrean hitz egiten denean gizonak hartzen dira erreferentetzat, eta ez da ahaleginik egiten emakumeak gonbidatzeko edo emakumeek bizi dituzten egoerak kontuan hartzeko”. Emakumeengana iristeko eta euren beharrez jabetzeko bidean Orioko emakumeen inguruko diagnosia ezinbesteko tresna izan dela uste dute teknikariek. “Ikastaroak ez ditugu guk aukeratu, diagnosi horretan argitara atera ziren beharrei erantzuteko sortutako ikastaroak dira”. Hala, aurrerantzean ere ikastaroak antolatzen jarraitzeko asmoa du ahalduntze eskolak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!