Esteban Gozategiri omenaldia egin zioten Albaolan, laneko azken egunean

Karkara 2020ko mar. 5a, 17:33

Urte luzez erriberako arotz lanetan aritu da Gozategi, eta erretiroa hartu zuen otsaila amaieran.

Esteban Gozategik lehengo larunbata zuen bere ibilbide profesionaleko azken lan eguna, erretiroa hartu aurretik. Ohi bezala, Albaola itsas faktorian erriberako arotz lanetan jardun zuen, San Juan baleontzia eraikitzen. Etxera joateko garaia iritsi zitzaionean, ordea, ezustekoa izan zuen: lankideak, lagunak eta familiakoak zain zituen, omenaldia egiteko.

Emozio une bereziak izan ziren Estebanentzat. Aurrena, lankideek aurreskua dantzatu zioten, txistuak, gitarrak eta abeslariak lagunduta. Gero, lore sorta eta txapela ematearekin batera, Jon Maiak bertsoak kantatu zizkion. Estebani eta bere lanari buruzko bideoa ikusi zuten segidan. Xabier Agote Albaolako zuzendariak esker oneko hitzak izan zituen oriotarrarentzat, eta "boluntario" txartela eman zion, itsas faktoriara nahi duenean itzultzeko gonbita eginez. Estebanek ere izan zituen hitzak lankide eta bertan juntatutako guztientzat.

Ospakizuna San Pedroko Antxeta elkartean bukatu zuten, eta han opariak eman zizkioten Estebani; tartean, Antxon "Mendi" Mendizabalek egindako oroigarria. Borobil bukatu zuen Estebanek bere ibilbide profesionala, ondo merezitako erretiroa hartu aurretik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!