`Ongi Etorri Euskararen Herrira´ ekimena abiatu dute

Karkara 2020ko mar. 9a, 17:20

Bi dira Aste Santuan abiatuko den kanpainaren helburu nagusiak: turismo-sektorean euskarari dagokion garrantzia ematea, eta hizkuntza eskaintza turistikoaren barruan sartzea. Turismo sektoreko eragileei zuzenduta, bi formazio saio egingo dituzte Orion, eta bat Aian.

“Ongi Etorri Euskararen Herrira” izenburupean, euskara eta euskal nortasuna izango ditu ardatz Urola Kosta eskualdeko turismo-eskaintzak. Euskara partekatu nahi da bisitariekin, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten. Inguruko bisitariei nahiz kanpoko turistei euskara ezagutarazteko helburuarekin landutako kanpora begirako ekimena bada ere, barrura begirako lanketa izango du bereizgarri proiektuak. Bereziki jorratuko da turismo sektoreko eragileei begirako sentsibilizazio lana.

Hala, sentsibilizazio lana oinarri, turismo sektoreko eragileei bideratutako saio labur eta praktikoak antolatu dira, herriz herri. Datozen asteartean hasi eta martxoa amaiera bitartean, eskualde osoan zehar 11 formazio saio eskainiko dira. Kanpainaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, formazio praktikoa eskainiko zaie bertaratuei.

Eskualdeko denda, jatetxe, taberna, ostatu eta gainerako merkatari eta zerbitzuetako profesional guztiei bideratutako saioak izango dira. Saioetan, udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratu eta kanpainaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, euskaraz zerbitzua eskaintzearen garrantziaz ere ohartaraziko zaie bertaratuei. Hainbat euskarri eta material ere banatuko da. Informazio saioez haratago, bertaratuei formazio praktikoa eskainiko zaie eta kanpainarekin bat egiteko gomendioak emango dira.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko teknikariek gidatuko dituzte saioak eta udalerrietako euskara eta turismo zerbitzuetako arduradunak ere bertan izango dira; profesionalen kezka eta zalantzak argitu eta beraien ekarpenak kontuan hartuta, ahal den heinean, ekimena hobetzeko asmoz.

Orioko eta Aiako informazio saioak

Orion bi saio izango dira, Salatxo aretoan. Martxoaren 10ekoa euskaraz egingo da, 14:00etatik aurrera. Bigarrena, berriz, hilaren 26ean 17:00etatik aurrera, gaztelaniaz.

Aiako saioa martxoaren 12an egingo da, euskaraz, kultur etxean 17:00etatik aurrera.

Bi informazio-saio horietan kanpainaren xehetasunak emango dituzte UEMAko eta Udaleko teknikariek. Saioak irekiak dira eta herriko denda, taberna, jatetxe eta alojamendu guztiek parte hartu dezakete.

Bi dira Aste Santuan abiatuko den kanpainaren helburu nagusiak: turismo-sektorean euskarari dagokion garrantzia ematea, eta gure hizkuntza eskaintza turistikoaren barruan sartzea.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!