Sofbol denboraldia abiatu du OBBk asteburuan

Karkara 2020ko mar. 11a, 09:42

Lehen jardunaldia gazi-gozoa izan da oriotarrentzat, lehen partida nagusitasunez irabazi bazuten ere, bigarrena galdu egin baitzuten.

Igandean jokatu zuten Espainiako Ohorezko Mailako Sofbol Ligako lehen jardunaldia Orioko Mendibeltz zelaian, eta Orioko Bate Bizkorrak taldeko neskek Projecte Gava talde kataluniarraren aurkako partida jokatuz abiatu zuten denboraldia. Jardunaldi bakoitzean bi partida jokatu ohi dituzte, eta OBBko kideek azaldu dutenez, lehen partida oso berdindua hasi bazen ere, oriotarrek 6-2 emaitzarekin irabazi zuten norgehiagoka. "Lehen partidan Ainara Larraxak eta Igone Etxeberriak egindako lana azpimarratu behar dugu, bi jokalari oriotarrak izan baitziren hoberenak, bi hit egin zituen bakoitzak partidako une garrantzitsuetan".

Bigarren partida ordea, ez zen ondo hasi oriotarrentzat, Bartzelonako Gava hiriko neskek bigarren sarreran bi puntu lortu zituzten eta, hasieratik, markagailuan aurretik jarri ziren. Kataluniarrek partida irabazi zuten 5-2 emaitzarekin.

Datorren asteburuan Orioko Bate Bizkorrak taldeak Kataluniara bidaiatuko du, Viladecans taldearen aurka jardunaldia jokatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!