101 boluntariok eman dute izena herrian sortu den zaintza-sarean

Karkara 2020ko mar. 16a, 18:15

86 emakumek eta 15 gizonezkok osatzen dute sarea oraingoz. Boluntario taldeko gizonezkoek aldarrikatu dute "zaintza denon erantzukizuna" dela, eta taldean apuntatzeko deia egin diete, bereziki, herriko gizonezkoiei.

Herritarrek osatutako zaintza-sareak adineko jendearekin egingo du lan batez ere. 70 urtetik gorako oriotarren jarraipena egingo dute eta laguntza eskainiko diete:

  • Herriko denda txikietan erosketak egiteko
  • Botikak eta farmaziako gauzak erosteko

Dagoeneko 101 boluntariok eman du izena zaintza-sarean parte hartzeko; gehienak, emakumeak. Boluntario horien lehenbiziko lana 70 urtetik gorako guztiei deitzea izango da, dauzkaten beharrak identifikatzeko. Gaur arratsaldean bertan hasiko dira telefono-deiak egiten. Behin beharrak identifikatuta, lana antolatzeari ekingo diote.

Boluntario-lanetan ariko diren guztiek zorrotz beteko dituzte Osakidetzak emandako jarraibideak eta Udalak beren esku jarriko ditu beharrezko ekipamendu guztiak: maskarak, eskularruak… Ondo identifikatuta joango dira, boluntario-lana egiteko Udalaren baimena dutela adierazten duen txartel batekin.

Kalean ibiltzeko debekua

Desgaitasun intelektuala daukan pertsona bat beren kargura dutenek aukera izango dute kalera ateratzeko pertsona horrekin, betiere osasun-agintariek emandako gomendioak jarraituta eta denbora-epe mugatu baterako. Debekuaren salbuespen hori justifikatzeko, aldean eraman beharko dute pertsona horren desgaitasuna frogatzen duen agiria.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!