Etxeak ikastetxe bihurtuta

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 18a, 09:08
Orioko Herri Ikastolako irakasle bat, atzo, eskola bideokonferentziaz ematen (Hitza)

Milaka ikasle eta irakaslek lehen bi egunak egin dituzte etxetik ikasiz eta irakatsiz. Orioko Herri Ikastolako zuzendari Amaia Ugaldek egunotako jarduna azaldu du. 

Astelehenetik ikastetxeetako jarduna etxeetako sukalde, logela eta egongeletara aldatu da. Irakasleek hiru egun izan dituzte alarma egoerak ekarritako konfinamendu egoerara moldatu eta beren eskolak prestatzeko, eta Urola Kostako HITZAk Orioko Herri Ikastolako Amaia Ugalde zuzendariarekin hitz egin du egunotako martxa ezagutzeko. Komunitateak erakutsi duen jarrera ona azpimarratu du, eta, batez ere, ikasleak erakusten ari diren lanerako gogoa. Egoera honek luzerako joko duela ere argi du.

Egunek nola, ikasturteak ere aurrera jarraituko du. Horregatik, mailaz mailako plangintza prestatu eta jarri dute martxan ikastetxez ikastetxe. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak agindu eta aholku batzuk eman ditu, baina zentro bakoitzaren esku gelditu da antolaketa eta ikasleekin mantendu beharreko komunikazio mota zehaztea. Internetaz baliatzen ari dira milaka ikasle eskualdean, batez ere DBHkoak, eta salbuespenak salbuespen, Ugaldek azaldu dute etxe guztietan prest daudela online ikasketak egiteko. Ikasleak bikain ari dira erantzuten ikasketa sistema berri honi. Gainera, uste du ikasleek ordenagailua edukitzea eta lehendik baliabide digital ugari ezagutzeak "asko erraztu" diela egoera berrira egokitzea.

Haur Hezkuntzako ikasleak dira ikastetxeekiko loturarik izango ez duten bakarrak larrialdi egoeran. Horien gurasoentzako, hori bai, aholku eta jolas adibide sorta bildu eta zabaldu dute ikastetxe gehienek. Lehen Hezkuntzakoek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek, berriz, egunero dituzte lanak herenegundik. Guraso askoren kezka izan daiteke pentsatzea eten honek edo, behintzat, halabeharrez egindako aldaketa hauek eragingo al dioten ikasturteari eta maila bakoitzean ezarritako helburuei. Dena dela, Ugaldek uste du ez daukala zertan eragin: "Etxetik lan egiteak ez du esan nahi ikastolako jarduna etengo denik. Irakasleek sortu dute beharrezko materiala bai ikas-ohiturak mantentzeko, bai beharrezko helburuak lortzeko», iritzi dio Ugaldek. Horren ustez, gainera, etxetik aritzeak badu bere alde ona ere: «Egoera honetan, ikasleek garatuko dituzte autonomia, antolaketa, autoerregulazioa eta teknologia berrien konpetentzien garapena, besteak beste".

Komunitatearen babesa
Araban ikastetxe guztiak itxi zituztela ikusita, pentsatzekoa zen Gipuzkoara ere etorriko zela agindua, baina erabakiaren berri egun batetik bestera eman zuen Eusko Jaurlaritzak, ostegun eguerdian. Ostiralean bertan egin zuten aurreneko egunetarako plangintza ikastetxeetan. Erabaki zuten noiz eta nola bilduko ziren irakasleak ikasleentzat materiala prestatzeko, eta asko asteburuan lanean aritu ziren astelehenerako dena prest izateko. Egoera berriaren aurrean Ikastolako komunitateak izan duen erantzuna ere azpimarratu  nahi izan du Amaia Ugaldek, "oso ondo erantzun dute denek. Hasierako ezjakintasuna izan da okerrena, baina informazioa jaso ahala eta erabakiak adostu ahala horiek zabaltzen saiatu gara, eta nire ustez, horrek ekarri du nolabaiteko lasaitasuna. Ulermenerako unea da".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!