Hainbat zergen ordainketa atzeratu egin du Orioko Udalak

Karkara 2020ko mar. 26a, 10:30

Ondasun Higiezinen Zerga eta Ibilgailuen Zirkulazioaren Gaineko Zerga atzeratu ditu Udalak, besteak beste.

Koronabirusak sortutako larrialdi egoeraren aurrean, herritarrek pagatzen dituzten zergen ordainketa atzeratzea erabaki du Orioko Udalak. Alde batetik, Ondasun Higiezinen Zerga ordaintzeko epea atzeratu egingo du udalak. Normalean maiatzaren 15etik ekainaren 30era bitartean kobratzeko da, baina aurten, abuztuaren 1etik irailaren 15era kobratuko da.

Bestetik, Ibilgailuen Zirkulazioaren gaineko zerga ordaintzeko epea zabalik zegoen Espainiako Gobernuak alarma-egoera dekretatu zuenean. Hasiera batean, apirilaren 30ean bukatzen zen ordaintzeko epea, baina luzatzea erabaki du Orioko Udalak.

Ordainketa helbideratuta dutenei maiatzaren 30ean kobratuko zaie zerga. Dena dela, sortutako egoeragatik, herritarren batek ezin badu epe horretan ordaindu, ekainaren 30era bitartean pagatzeko aukera izango du. Horretarako, udalean jakinarazi beharko du bere asmoa. Ordainketa helbideratu gabe dutenek, berriz, ekainaren 30era arte izango dute aukera ordainketa errekargurik gabe egiteko.

Bestalde, herriko taberna eta jatetxe askok kalean terraza jartzeagatik bide publikoa terrazekin okupatzeko zerga ordaintzen dute. Konfinamendu egoeraren ondorioz ostalariek bizi duten egoera ezagutzen du udala, eta terraza erabili ezinik egon diren denbora ez zaiela kobratuko jakinarazi du.

Gipuzkoako Urak
Gipuzkoako Urak Kontsortzioak erabaki du erabiltzaileei ordainketa zatika egiteko aukera ematea. Hala, faktura zatika ordaindu nahi dutenek eskaera egin beharko dute. Faktura zatikatu nahi duenak, dena kolpe bakarrean ez ordaintzeko, aldez aurretik eskatu behar dio Ur Kontsortzioari, borondatez ordaintzeko epea bukatu baino lehenago.
  

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!