Miren Gozategi: "Inork ez ditu erantzunak, eta horrek ematen du beldurra"

Onintza Lete Arrieta 2020ko api. 2a, 09:00
Miren Gozategik bere iritzia eman du autonomoak bizi duten egoeraz.

Ziurgabetasun egoeran dago autonomo asko; fisioterapeutak, esaterako. Izan ere, dekretuek ez dute aipatzen lanbide hori, eta Miren Gozategik (Orio, 1982) kezka du, laguntzak eskatzerakoan eragin ditzakeen arazoez. 

Fisioterapeuta zara zu. Nola ari zara bizitzen azken asteak?
Fisioterapeutei dagokienez edo, behintzat, niri dagokidanez, etikoki eta moralki itxi beharra ikusi dugu. Bezeroengatik, geuregatik, eta gure familiengatik. Bezeroekin kontaktu zuzena dugu, azala azalaren kontra: eskuak, bizkarra, hankak... Teknika zehatz batzuetarako eskularruak erabiltzen ditugu, baina oso gauza puntualetarako. Birusa kutsatzeko aukera handia dago, beraz. 

Legeari dagokionez, zalantza asko dituzue, ordea. 
Bai. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargoak hasieratik gomendatu zigun ixtea, arlo etikotik begiratuta. Gero, denbora pasa ahala, Eusko Jaurlaritzak esan zigun itxi egin behar genuela, eta larrialdiak bakarrik atenditu genitzakeela. Espainiako Gobernuaren partetik, berriz, gaude salduta. Dentistekin eta podologoekin gertatzen den gauza bera da; dantzan gaude gu ere. Ez dugu 1,5 metroko segurtasun distantzia mantentzeko aukerarik, ez daukagu geure burua eta ingurukoena babesteko aukera baliabideak falta direlako, baina ez gaude behartuta ixtera, ez zaigu aplikatzen «ezinbesteko itxiera». Beraz, dirulaguntzak eskatzerakoan, zer gertatzen da letra txiki horrekin?  

Espainiako Gobernuak asteartean esan zuen autonomoek Gizarte Segurantzako kuotaren ordainketa atzeratu ahalko dutela. 
Arazoa, beste behin, zehaztapen falta da. Bai atzerapenarekin ordaintzeari dagokionez, bai laguntzei dagokionez. Linboan gaude. Eusko Jaurlaritzaren ikuspuntutik, ixtera behartuta gaude, esaten duelako 1,5 metroko distantzia mantendu dezaketen zerbitzuak bakarrik egon daitezkeela martxan. Neurri batzuk hartu behar dira, eta baremo batzuk jarri behar dira, eta muga batzuk. Oso ondo. Baina gauzak pixka bat gehiago ere zehaztu beharko lirateke. Izan ere, hori ez da agertzen argi eta garbi Espainiako Gobernuaren dekretuetan. Esaterako: ileapaintzaileek itxi egin behar dute. Hasieran ezetz esan zuten, gero aldatu egin zuten. Gu ere talde horretan sartu beharko gintuzkete, baina ez gaude inon. Hortaz, ziurgabetasun egoera handian gaude. 

Eta Espainiako Gobernua da laguntzak emango dituena. 
Eusko Jaurlaritzak ere ematen ditu laguntzak, baina ez da autonomoen kuoten arduraduna. Zerga batzuk badira herri mailakoak edo lurralde mailakoak, baina gehienak estatu mailakoak dira. 

Zure gastuak, autonomo gisa, zein dira?
Autonomoen kuota hilero, hiruhilean behin IRPFa, elkargoko kuota... Eta horri gehitu lokalaren gastuak, materiala, formakuntza... Ni, adibiez, autonomoa naiz, baina enpresa SM (sozietate mugatua) daukat, eta beste zerga bat du horrek. Autonomo kuota ere sozietarioa da; autonomo arruntek baino gehiago ordaintzen dut. Kotizazioan ere aldea dago, gutxienekoa kotizatu ala hortik gora. Aldaera asko daude eta ezin da orokortu, baina hilean 1.000 euroko gastua izan dezakegu. Eta ez daukagu diru sarrerarik. 

Hasieran bi aste zirena, orain hilabete edo gehiago izango da.
Gogorrena nire ustez ezjakintasun horrekin bizitzea da. Formakuntza asko egiten ditugu, eta lagunak egiten joaten zara Euskal Herrian eta estatuan. Haiekin hizketan, ikusten duzu denen egoera dela oso-oso ezegonkorra. Alarma egoera zenbat luzatuko den ez dakigu, baina, horrez gain, hori bertan behera gelditzen denean ere, ez dakigu noiz itzuliko den gizartea normaltasunera. Inork ez dakizki erantzun horiek, eta horrek ematen du beldurra edo, behintzat, errespetua. 

Informatzeko edo kontsultak egiteko bideak badituzue?
Elkargoari galdetzen diogu. Aste hauetan hemengo elkargoa harremanetan jarri da inguruko besteekin, eta estatu mailan talde bat osatu da. Baina nahasmena handia da, ez dituztelako neurriak garbi esaten erakundeek. Onerako edo txarrerako izango lirateke neurri horiek, baina behintzat jakingo genuke zer dagoen. Autonomoen kolektiboa ikaragarria da, sektore mordotan gaude, eta denok horrela dantzan egotea... Beldurra ematen dit zenbat negozio itxiko diren.  

Laguntzak egon arren?
Aurrekoan lagun batek esaten zidan, autonomoen kuota atzeratzeak ez diola soluzionatuko ezer, eta agian okerragoa izango dela irailean ordaindu beharra bikoitza. Izan ere, udan lana jaitsi egiten zaigu beti, jendea hobeto sentitzen delako. Hortaz, iraila aurretik egoerari buelta ematen saiatuko gara, eta gero bikoitza ordaindu behar badugu... Kontua da kuota ez dugula ordaintzen ez garelako ari irabazirik sortzen, ezin dugulako sortu. 

Zuen lantokiak lokalak izan ohi dira askotan. Horien alokairuen edo hipoteken ordainketa atzeratzerik edo gutxitzerik izango duzue?
Nik, esaterako, hipoteka daukat, baina alokairuan dute lagun batzuek, eta bati baino gehiagori, lokalaren jabeak esan dio egoera honetan gauden zatia ez duela ordaindu beharko. Hori txapela kentzeko modukoa iruditzen zait. Izan ere, jabearentzat diru sarrera bat da, eta uko egiten ari da horri. Eta agian da pentsioaren osagarri bat, edo ez dakigu zer egoera duen etxean. Lagunak esaten zidan berarentzat sekulako lasaitasuna dela.  

Hipoteka duzu zuk. Bankuak zerbait esan dizu?
Joan gara galdetzera, baina bankuko langileek ere ez dakite zer esan. Egunero gauza berriak ari dira ateratzen, eta informatu beharra dute goizero. Eromena da, eta kezka eragiten du. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!