40 urte bete dira gaur Biotzan atentatua egin zutenetik

Karkara 2020ko api. 6a, 17:36

Komando Autonomo Antikapitalistek Florentino Lopetegi arrantzale oriotarra eta Francisco Pascual Guardia Zibila hil zituzten tiroz Orioko Biotza klubean, 1980.urtean.

1980ko apirilaren 6ean, igandearekin, Salsamendi Hotelaren azpian zegoen Biotza klubean hiru lagun sartu eta Florentino Lopetegi eta Francisco Pascual tirokatu eta hil zituzten. Arrantzale oriotarra eta guardia zibila elkarrekin berriketan ari ziren, haien kontra tiro egin aurretik. Atentatua egindakoan, hiltzaileek kotxe batean alde egin zuten, eta hortik gutxira, Guardia Zibilek kontrolez josi zuten ingurua.

Florentino Lopetegi herriko semea zen, eta 23 urte zituen hil zutenean. Francisco Pascualek, berriz, 24 zeuzkan, eta Ceutakoa zen.

Atentatua gertatu eta hurrengo egunean, Orioko Udalak ezohiko bilkura egin zuen, eta hiru puntuko aldarrikapen bat onartu zuten politikariek: hilketa gaitzetsi, hildakoen familiei atsekabea adierazi, eta azkenik, UCDren gobernuari orden publikoa lehenbailehen eskauldatzea eskatu zitzaion. Horrez gain, herri harpidetza zabaldu zen Florentinoren alargunaren alde, eta orduko udalak 50.000 pezeta jarri zituen. Puntuak aho batez onartu zituzten han ziren zortzi zinegotziek, aurrenekoa izan ezik; hartan, zinegotzi bat abstenitu egin zen.

Egun batzuk geroago, Komando Autonomo Antikapitalestek beren gain hartu zuten ekintza armatua.

Memoriaren eguneko omenaldiak

2010eko azaroan, Memoriaren egunean, Orioko Udalak orain dela 40 urte hildako bi pertsona horiek omendu zituen, beste hainbat biktimekin batera.

2015eko azaroan ere, herriko plazatik elizara doan aldapan, Memoriaren Txokoan, ekitaldia egin zuen Orioko Udalak, eta han izan ziren udala osatzen zuten alderdien ordezkari guztiak. Lore eskaintza egin eta gogora ekarri zituzten bizitzeko eskubidearen aurkako urraketak jaso dituzten biktima oriotarrak, tartean Florentino Lopetegi eta Francisco Pascual. KARKARAk bideoz jaso zuen ekitaldi hura. Ikusteko, egin klik hemen.

2017an, berriz, Memoriaren egunaren harira, elkarretaratzea izan zen plazan, Bizikidetza taldeak deituta. EAJk, EH Bilduk eta Orain Plataformak sinatutako adierazpena irakurri zuten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!