Osasun larrialdiaren aurrean, herri solidarioa

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko api. 11a, 12:00

Koronabirusak sortu duen osasun larrialdi egoerak agerian utzi ditu gizartearen gabeziak, baina herritarrak mobilizatu egin dira, elkarlanean egoera zaurgarrienean dauden lagunei laguntzeko. Zaintza sarea sortu dute Orion, eta herritar talde bat osasun langileentzat maskarak eta mantalak egiten ari da.

Koronabirusak sortutako osasun larrialdiaren eraginez ezohiko egoera batean murgilduta bizi dira herritarrak. Koronabirus kasuak han eta hemen agertzen ari dira azken bi asteetan, eta erakunde publikoek neurriak hartu dituzte gaixotasunaren hedatzea oztopatzeko eta horrela herritar kutsatuen kopurua jaisteko. Martxoaren 15ean, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek alarma egoera ezarri zuenetik, Hego Euskal Herriko biztanleak berrogeialdian daude, eta ezin dute nahieran etxetik atera. Aginduaren arabera, etxean bakartuta egon behar da, eta soilik atera daiteke elikagaiak eta botikak erosteko, osasun zentroetara joateko, lantokira joan-etorria egiteko, zaintza lanetarako, banketxeetara joateko edota ezinbesteko joan-etorriren bat egiteko. Hala, lau hormen artean bizitzera ohitzen ari dira pixkanaka herritarrak, eta hasiera batean, Espainiako Gobernuak hartutako neurriak hamabost egunez indarrean egongo zirela uste bazen ere, luze joko duela aitortu dute agintariek.

Etxetik ez ateratzeko aginduak guztiz baldintzatu du herritar guztien bizimodua, baina bereziki eragin die adinekoei eta arriskutaldeetako herritarrei, COVID-19 gaixotasunarekin ez kutsatzeko ahalik eta zorrotzen bete behar dutelako konfinamendua. Hala, Aian eta Orion ekimen desberdinak antolatu dituzte egoera zaurgarrienean dauden herritarrei laguntzeko asmoz. Aiako Udalak, esaterako, Lur-Alkartasuna Kooperatibak egindako deiarekin bat egin du, eta adinekoei eta behar bereziak dituzten herritarrei laguntzeko zerbitzua jarri du martxan. Izan ere, asko dira erosketa egitera herrigunera iritsi ezin duten aiarrak, eta horiei irtenbidea emateko etxez etxeko zerbitzua abiatu dute, astelehenetik larunbatera. Dena dela, udaletik gogorarazi dute zerbitzua behar bereziak dituzten herritarrei soilik zuzenduta dagoela. Erosketa egiteko laguntza behar duten aiarrek Lur-Alkartasuna Kooperatiban egin behar dute eskaera, 943- 83 44 73 telefono zenbakira deituta. Aiako Kooperatibako arduradun Amaia Garitanok azaldu duenez, zerbitzua martxan badago ere, oraindik ez dute eskaerarik jaso. “Zorionez, Aian koronabirus kasu gutxi atzeman dira, eta herritarrak normaltasunez etortzen ari dira erosketa egitera. Hasiera batean, adineko pertsonei zuzendua dago zerbitzua, baina, esan beharra dago, Aiako Gizarte Zerbitzuek urte osoan zehar eskaintzen dutela egoera zaurgarrienean dauden aiarrentzat laguntza zerbitzua, herrian Ospitaletxea bezala ezagutzen duguna. Eta lagun horiek lehendik ere jasotzen dute erosketa egiten laguntzeko zerbitzua”.

Elkartasuna giltzarri
Orioko Udalak eta herriko eragileek elkarlanean zaintza sarea antolatu dute beharra duten herritarrei laguntzeko asmoz. 130 boluntario inguruk izena eman dute ekimenean, eta herritarren artean harrera “paregabea” izaten ari dela azpimarratu dute arduradunek. Anuska Esnal alkatearen esanetan, larrialdi egoera ezarri zenean,egoera zaurgarrienean zeuden herritarren beharrei erantzuteko martxan jarri zen Udala. “Hilaren 12an, ostegunean, jakin genuen ostiraletik aurrera herriko ikastetxeak itxiko zituztela. Hezkuntza arloa izan zen erabakia hartzen lehena, baina ohartu ginen herriko gainontzeko zerbitzuak ixtea ere beharrezkoa zela, herritarren segurtasuna bermatzeko. Udalbatza osatzen dugun alderdietako lau bozeramaileok eta udaleko hainbat teknikarik larrialdi mahaia osatu genuen, erabakiak adostasunera iritsita hartzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigulako, eta buru-belarri lanean hasi ginen”, azaldu du.

Udal ordezkariak ohartu ziren osasun larrialdi egoerak behartuta herriko zerbitzuak eta baliabideak itxita, lehendik egoera zaurgarrian zeuden herritarren testuingurua okertuko egingo zela eta herriko gizarte zerbitzuak ez zirela nahikoa izango oriotar horien beharrei erantzuteko. Horregatik, larrialdi egoerari aurre egiteko hainbat batzorde sortu zituzten, tartean herriko zaintza sarea. Orioko alkateak azaldu duenez, “neurri honetako larrialdi egoerek eragin handia izaten dute gizartean, eta oso argi nuen herritarrei laguntzeko herri sareak sortu behar genituela. Horretarako, gaiarekin sentsibilizazio berezia duten herriko hainbat eragilerekin jarri nintzen harremanetan, ostiral gauean bertan”, aitortu du. Hala, Txurrumuskiko, Xaltxerak talde feministako eta Gaztetxeko kideei deitu zien besteak beste; larunbat goizean bildu ziren eragileak, eta deialdi irekia egin zuten.

Zaintza sareak egindako deialdiak erantzun “bikaina” izan du Esnalen iritziz; 130 lagunetik gorak izena eman dute dagoeneko Orioko zaintza sarean, eta alkateak aitortu du “ezusteko pozgarria” izan dela berarentzat. “Hasierako deialdia nik egin nuen, mota horretako boluntario sare bat antolatzeko berme juridiko batzuk bete behar direlako. Izan ere, boluntario guztiek segurua izan behar dute, eta ezinbestekoa da ezarritako osasun gomendio guztiak betetzea. Dagokion izapideak egiteko udalaren esku-hartzea oso garrantzitsua da, baina, bulegoko lana bukatuta, boluntarioak dira zaintza sareko protagonistak, horiek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako sarea sortzea”.

Gainera, Esnalen iritziz “txalotzekoa da” Orio bezalako herri txiki batean horrenbeste boluntariok izena ematea. “30.000-40.000 biztanleko herrietan Orion lortu dugun boluntario kopuru antzekoa lortu dute. Horregatik uste dut Orio gai izan dela egoera okerrenari aurre eginda, onena ateratzeko. Herri solidarioa garela erakusten ari gara, zalantzarik gabe”.

Zaintza sarearen lana
Zaintza sareak bi lan ildo jorratu ditu. Alde batetik, 70 urtetik gorako herritarrekin harremanetan jarri da eta horien jarraipena egiten ari da. “Telefonoz deitu diegu banan-banan, baina datuak babesteko legea errespetatzea ezinbestekoa denez, udalak mekanismo guztiak jarri ditu martxan lagun horien konfidentzialtasuna bermatzeko. 70 urtetik gorako herritarrei deitu diegunean asko eskertu digute zer moduz dauden galdetzea eta boluntario sarearen inguruko informazioa ematea”, azaldu du Esnalek. Gainera, gizarte zerbitzuak ere indartu egin dituzte, lanez gainezka dabiltzalako egunotan. “Izan ere, arreta profesionalizatua behar duten kasuak Gizarte Zerbitzuetatik kudeatzen ari dira, eta gainontzekoei zaintza sareak laguntzen die”, nabarmendu du alkateak. Dena dela, aitortu du herritarrekin harremanetan jartzerako orduan hainbat zailtasun izan dituztela. “Udalean herritarren etxeko telefono zenbakiak ditugu, baina etxe askotan horiek erabiltzeari utzi diote. Horregatik, oraindik hitz egin ez dugun herritarrekin harremanetan jarri nahiko genuke”, azaldu du Esnalek. Beraz, 70 urtetik gorako oriotarren batek oraindik zaintza sarearen deirik jaso ez badu, 642 409 422 telefono zenbakira hots egin dezake boluntario taldearekin
harremanetan jartzeko.

Bestetik, erosketak egiteko zerbitzua ere martxan jarri du zaintza sareak. “Zerbitzua ez dago adinekoei soilik zuzendua. Familia bakoitzak bere arazoak ditu, eta laguntza behar duten herritarren beharrei erantzutea da asmoa. Helburua da ahal den heinean herritarrak etxetik ez ateratzea. Adinekoez gain, seme-alabak dituzten gurasobakarreko familiek ere, erosketa egitera ateratzeko arazoak izan ditzakete, haurrekin etxean bakarrik daudelako. Horiek ere erabil dezakete zaintza sarearen zerbitzua. Hainbat errealitate bizi dituzte herriko familiek, eta laguntza behar dutenei laguntzeko sortu da sarea”. Hala, Udalak eta zaintza sareak elkarlanean protokolo bat zehaztu dute erosketak segurtasun neurriak errespetatuz egiteko. “Protokoloa fintzen joan gara egunak pasa ahala. Boluntarioek eta erabiltzaileek zuzeneko harremanik ez dute izaten, etxean daudenek osasun gomendioak bermatuta izatea nahi baitugu. Horregatik, erosketa atean uzten zaie erabiltzaileei, baina ondoren telefonoz deitzen zaie, zerbitzuarekin gustura geratu diren eta ondo dauden jakiteko. Orain arte oso harrera ona izan du zerbitzuak, eta eskertuta agertu dira erabiltzaileak”, azaldu du Orioko alkateak.

Indarkeria matxista jorratzeko batzordea
Zaintza sareaz gain, indarkeria matxista jorratzeko batzordea ere martxan da herrian. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hirukoiztu egin dira indarkeria matxista kasuak, isolamendu egoeraren ondorioz. Horregatik, Orioko Udalak lan ildo hori martxan jarri du, Xaltxerak talde feministak eta Ahalduntze Eskolak kudeatuta. “Ahalduntze Eskolatik konfinamendu egoeran areagotzen eta larritzen ari den indarkeria matxistari erantzuna emateko telefonoa jarri dugu martxan”, azaldu dute Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola arduradunek. Indarkeria matxista jasan dutelako laguntza behar duten emakumeek 623178553 telefono zenbakira
deitu dezakete, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara. Horrez gain, ahalduntzeeskola@orio.eus e-postara ere idatzi
dezakete.

Bestetik, herrian sortu den zaintza sarearen garrantzia ere azpimarratu dute Goiburuk eta Esnaolak. “Birus batek krisi egoera honetara eraman gaituela diote… Ez da egia, sistema kapitalista patriarkalak eraman gaitu krisi egoera honetara”. Gizarteak aspalditik bizi duen zaintza krisia agerian geratu dela nabarmendu dute.

“Mugimendu feministak urteak daramatza bizitzak eta zaintzak erdigunean jartzeko aldarrikapenak egiten. Gizakiak interdependienteak bagara ere, batak bestearen beharra dugu bizirauteko, eta horrelako egoeretan nabarmendu egiten dira gure dependentziak. Zorionez edo zoritxarrez, krisialdiak eraldaketa sozialerako aukera izan daitezke. Orion herritarren zaintza sarea sortu da, sare horretan herritar guztien bizitzak eta zaintzak erdigunean jartzeko erabakia hartu da: behar dutenei erosketak eginez eta 70 urtetik gorako pertsonei deiak eginez, ea zer moduz dauden galdetuz eta telefono zenbakiaren berri emanez”. Gainera, azpimarratu dute herritar sareko boluntarioen arteko zaintza eta elkar-babesa bermatzeko ere erabaki batzuk hartu direla. Berdintasun teknikariek uste dute herritar sareak jendarte hobe bat eraikitzeko bideak zabal ditzakeela, “herritarron elkartasuna eta elkar-zaintza bezalako balioak indartuz. Hala ere, esan beharra dago zaintza sarean ere agerian geratu dela genero arteko arrakala, bertan parte hartzen ari diren gehienak emakumeak baitira. Gune hau benetazko eraldaketa sozialerako gune izango da baldin eta gizonek ere zaintzen ardura beren gain hartzen badute. Ahalduntze Eskolatik krisi hau sistema iraultzeko aukera bezala ikusten dugu, aprobetxa dezagun balioetan oinarritzen den herri hobe bat eraikitzeko!”.

Ahalduntze Eskolako kideek bezala, larrialdi egoerak ikasteko eta etorkizunari begira beste gizarte eredu bat eraikitzeko balio behar duela uste du Esnalek ere. “Nik urte askotan zehar egin dut lan larrialdien arloan, eta beti pentsatu izan dut larrialdiek, ondo kudeatuz gero, egoerak hobetzeko balio dutela: elkar ezagutzeko, zaintzeko eta beste harreman mota batzuk sortzeko balio behar digu bizi dugunak, gizarte hobe bat eraikitzeko, alegia”. Orioko alkatearentzat “zoragarria” da herritarrak elkarri laguntzen ikustea. “Krisia gogorra izaten ari da, baina lehen ez zegoen giroa nabari da auzoetan. Bakoitza bere etxean badago ere, inoiz baino gertuago gaude elkarrengandik. Badirudi denboran atzera egin dugula”. Nork bere zilborrari begiratzeari utzi, eta guztiek elkarrekin arraunean egitearen garrantzia agerian utzi du larrialdi egoerak, eta “komunitate izaera indartzeko” balio duela argi du Esnalek. "Egoeraren larritasunaz jakitun, oriotarrak zorrotz betetzen ari gara emandako agindu eta gomendioak, eta ohartu gara zenbat eta hobeto bete jarraibideak, motzagoa izango dela konfinamendua. Horregatik, egiten ari diren ahalegina eskertu nahi diet herritarrei”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!