"Gaitzaz baino gehiago, COVID-19ak ekonomian izan dezakeen eraginaz kezkatuta sumatzen dut gizartea"

Karkara 2020ko api. 13a, 17:00

2012tik Ameriketako Estatu Batuetan bizi da Joseba Brit. Ingeniaria da ofizioz, baina musikagile gisa ere bidea egiten ari da oriotarra. Portland hiriko etxetik, COVID-19 gaitzak sortutako krisia izan du hizpide. 

JOSEBA BRIT - AEBko Portland hirian bizi den oriotarra
 
Koronabirusari aurre egiteko larrialdi egoera ezarri dute Euskal Herrian. Zein da egoera Oregonen, zu bizi zaren estatuan? 
Ameriketako Estatu Batuetako egoera orokorrean txarra bada ere, herrialde handia da hau, eta estatu batetik bestera diferentzia handiak daude. Oregonen, ni bizi naizen estatuan ez du hainbeste eragin COVID-19 gaitzak, AEBko beste lurraldeekin alderatuta. New Yorken eta New Jerseyen bizi dute egoerarik gogorrena, eta horiek ekialdeko kostan daude, hegazkinez Portlandetik bost ordura. Oregoneko gobernadore Kate Brownek Etxean Geratu, Bizitzak Salbatu lelopean etxean geratzeko agindua eman zuen duela bi aste. Hori dela eta, lana etxetik egin dezakenak telelana egin behar du, baina metal sektoreko industriak irekita jarraitzen du. Jatetxeak eta tabernak ere irekita daude, baina ezin da horietan egon, edaria edo janaria erosi eta etxera eramateko prestatzen dute. Bestalde, kiroldegiak, kayak elkartea eta gainontzeko kirol taldeak itxita egon arren, metro eta erdiko segurtasun tartea mantenduta kalera irten liteke kirola egitea. Gainontzean, supermerkatura joateko maskarilla jantzi behar dugu. 
 
Koronabirusak kezka sortu al du herritarren artean?
Egia esan, gaitzaz baino gehiago, Koronabirusak ekonomian izan dezakeen eraginaz kezkatuta sumatzen dut gizartea. Lehen aipatu dudan bezala, Oregonek nahiko ondo eutsi dio krisiari, baina lagun batzuek lana galdu dute, enpresa askok kolpe handia jaso dutelako, eta enpresa txikien eta autonomoen etorkizunaz ere kezkatuta daude herritarrak.
Bestalde, nik esaterako, hirian korrika egiteari utzi diot, jende askok segurtasun distantzia ez duelako behar den bezala mantentzen; beraz, autoa hartu eta ordubetera dagoen laku batera joaten naiz orain Iron Man erdirako entrenatzera.
 
Antzeman al duzu supermerkatuetan janaria edo produktuak falta direnik?
Bideta instalatu nuen udaran etxean, eta eskerrak! Komuneko papera, eskuak garbitzeko produktuak eta bitaminak falta baitira nagusiki supermerkatuetan. COVID-19 gaitzaz gain, Oregonen badugu beste arrisku bat; sekulako lurrikara gertatu daiteke, San Andreas faila oso gertu dugulako. Horregatik, hiru hilabetetarako janaria gordeta izaten dut beti etxean, eta egia esan jaki-tokiari eskua sartu diot dagoeneko. Ez ote dira COVID-19aren krisia eta San Andreas failak sortutako lurrikara batera gertatuko, alajaina!
 
Azken datuen arabera, Ameriketako Estatu Batuetan milioi erdi lagun kutsatu dira COVID-19arekin eta kopurua handitzen ari da. Estatu Batuetako osasun sistema pribatua da. Uste duzu horrek zaildu egingo duela gaixotasuna kontrolpean izateko ahalegina?
Hemen kapitalismoak agintzen du, eta COVID-19ak sortutako krisiarekin aberasteko aukera baldin badago, batzuek dirua egingo dute. Horrez gain, gizarte hau Euskal Herrikoa baino askoz ere indibidualistagoa da, eta interes pertsonala interes orokorraren gainetik jartzen da askotan. Hortaz, badirudi agintariek AEBko enpresa pribatu bat aukeratu dutela testak egiteko, eta horregatik geratu gara test asko egin ezinik. Hegoaldeko Koreak esaterako, kasu oso gutxiren ostean neurri oso gogorrak hartu zituen eta berehala kontrolatu zuten gaixotasuna. Hori hemen ezinezkoa izango litzateke; izan ere, ekonomia eta kapitalismoa oso garrantzitsuak dira, eta agintariak neurri zorrotzak hartzen hasteko, hildakoen kopuruak oso handia izan beharko luke. Gainera, aurten hauteskundeak ditugu azaroan, eta sutan dagoen etxea salbatzera datorren suhiltzaile heroiaren itxura ematea oso garrantzitsua da agintean daudenentzat, bizitzak salbatzea baino garrantzitsuagoa dirudienez. Nik neuk esaterako, ez ditut ulertzen etxean geratu behar dugulako gizartean sortu diren kexak. Orain dela ez hainbeste urte, soldaduskara eta gerrara joan behar izaten zuten askok; guri berriz etxean geratzeko eskatu digute, eta hori kontraste indartsua da.
 
Zer esango zenieke oriotarrei?
Animo! Egoera zaila da hau, eta batzuentzat oso gogorra izango da honi buelta ematea; lana galdu dutelako, hildako lagunak dituztelako, edo gaixotasunagatik senideak beldurtuta dituztelako... Dena dela, egoera zail honetan ikasgai ederra aurkitu litekeela uste dut, bilatzeko apustua eginez gero noski. Egoera gogor honetan ere, esker ona erakutsi daiteke; izan ere, hau irakurtzen ari bazara, bizirik zauden seinale da. Eta bizirik gauden bitartean, zer hoberik ahal dugun ondoen bizitzea baino?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!