Aparkaldi mugatuko eremutik autoak kentzea eskatzen die Udalak herritarrei

Karkara 2020ko api. 14a, 15:00

Udaletik adierazi dutenez, autoarekin herriko dendetara erosketak egitera datozenak (Anibarko Portutik, hondartzatik, Santiagoerreka auzotik…) askotan suertatzen dira aparkatu ezinik propio beren premietarako pentsatutako aparkalekuetan.

Herriko eremu batzuetan —batez ere, denda txikien ingurutan— mugatuta dago aparkatzeko denbora, autoz datozen herritarrek aukera izan dezaten aparkatu eta beren erosketak egiteko.

Orioko Udaletik nabarmendu dutenez, aparkatzeko denbora kontrolatzen ibiltzen diren udaltzainak beste zeregin batzuetan ari dira orain, nahitaezko konfinamenduak sortu duen egoera kudeatzen, eta, kontrol-falta hori aprobetxatuta, herritar batzuek aparkatzeko eremu mugatuetan uzten dute autoa eguna joan eta eguna etorri.

Erosketak egiteko aparkatu ezinik

Portaera desegoki hori dela-eta, autoarekin herriko dendetara erosketak egitera datozenak (Anibarko Portutik, hondartzatik, Santiagoerreka auzotik…) askotan suertatzen dira aparkatu ezinik propio beren premietarako pentsatutako aparkalekuetan, Udalak salatu duenez.

Arauak bete eta autoak kentzeko eskaera

Udalak herritarrei gogorarazi die aparkaldi mugatuko eremuak indarrean segitzen duela eta, beraz, debekatuta dagoela bertan denbora luzez aparkatzea. Hortaz, herritarrei eskatzen die autoak mugitzeko mugatutako eremutik, hartara, erosketak egitera datozenek aukera izan dezaten eremu horretan aparkatzeko. Herrian badaude beste eremu batzuk ibilgailuak nahi adina denboran aparkatzeko eta horiek erabiltzea eskatzen die Udalak herritarrei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!