Jatorrizko herrialdeetako egoerarekin kezkatuta

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko api. 15a, 15:00
Malick Ndoye senegaldarra Katy Ndoye arrebarekin bideo-deia egiten. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Munduko hainbat txokotan ezarri dituzte COVID-19 gaitzari aurre egiteko neurriak. Senegalgo eta Marokoko jatorria duten bi herritarrek azaldu dute herrialde horietako egoera zein den.

Bideo-deiak familiarekin eta lagunekin komunikatzeko ezinbesteko tresna bihurtu dira konfinamendua hasi zenetik. Ingurukoekin harremantzeko modu hori askorentzat orain arte ezezaguna izan bada ere, eskualdean bizi diren jatorri desberdinetako herritarrek etxean gelditzeko agindua ezarri baino lehen ere erabiltzen zuten urrun bizi den familiarekin hitz egiteko. Azken asteetan, ordea, senitartekoekin maizago hitz egiten dutela aitortu dute, koronabirusaren krisiarekin kezkatuta daudelako. Kezka alde bikoa da, gainera. 

Alde batetik, koronabirusak gogorren kolpatu duen herrialdeen artean dago Espainia– Hego Euskal Herrian senitartekoak dituzten kanpotarrentzat erreferentzia– Ameriketako Estatu Batuekin eta Italiarekin batera, eta horrek kezka sortzen die eskualdean bizi diren etorkinen familiei. Hala aitortu du Senegalen bizi den Katy Ndoyek, Malick Ndoye oriotarren arrebak. "Hasieran, koronabirusa gugandik oso urrun zegoela sentitzen genuen, ez genuen aintzat hartzen. Dena dela, Senegalgo eta Frantziako albistegiak jarraitzen ditugu egunero, eta pixkanaka ohartu ginen Europan egoera oso larria dela, behin eta berriz aipatzen baitute Espainiak, Italiak eta Frantziak bizi duten egoera gogorra. Kutsatuak eta hildakoak milaka direla errepikatzen dute. Horregatik, oso arduratuta gaude, eta ahal den azkarren egoera bere onera itzultzea nahi dugu", azaldu du emakume gazteak.

Ndoyek familiari askotan errepikatzen dio ez dela gauza bera Orion edo Madrilen bizitzea; "herrian hiriburuan baino kutsatu gutxiago dagoela eta babes neurriak hartzen ari garela ere esaten diet, baina kezkatuta jarraitzen dute. Egunero behin edo bitan hitz egiten dugu ondo gaudela jakin dezaten", aipatu du Orion bizi den senegaldarrak.

Biziraupeneko ekonomia
Afrikan Europan baino kasu gutxiago atzeman badituzte ere, eskualdean bizi diren afrikarrak arduratuta daude gaitzak izan dezakeen bilakaerarekin. Senegalen, esaterako, azken datu ofizialen arabera 299 lagun kutsatu dira koronabirusarekin, eta herritar bakarra hil da gaitzaren ondorioz. Datu horiek Hego Euskal Herriko 15.376 kutsatuekin eta 1.108 hildakoekin alderatzen badira, oso baxuak dirudite, baina Afrikako errealitatea «oso desberdina» dela azpimarratu du Ndoyek. "Senegalen oso zaila da Euskal Herrian bizi dugun konfinamendua ezartzea, koronabirusagatik hil beharrean gosez hilko liratekeelako herritar asko". Izan ere, Senegalgo biztanleriaren zati handi batek ekonomia informalean lan egiten duela azaldu du Ndoyek. "Egunez egun bizi dira. Asko kalez kale ibiltzen diren saltzaileak dira eta beste hainbestek postu txikiak dituzte azoketan. Horrez gain, artisauak, jostunak edo eraikuntza arloan aritzen diren langileak ere badaude, baina lanbide horietan guztietan irabazten dutenarekin biziraupeneko ekonomia izan dezakete, hau da, egun batean irabazten dutena baliatzen dute hurrengo eguneko gosaria, bazkaria eta afaria erosteko. Eta badira, goizeko irabaziarekin bazkaria prestatzeko lehengaiak erosten dituztek ere". Horregatik, biziraupeneko ekonomia nagusi den herrialdeetan herritarrak gaitzarengandik babesteko etxean bakartzea oso zaila dela uste du. Hala, egun etxeratze agindua ezarrita dago Sahararen hegoaldeko herrialdean; 20:00etatik 06:00etara herritarrek galarizita dute kalera ateratzea, baina jarduera ekonomikoak bere horretan jarraitzen du egunean zehar.

Osasun sistema ahulak
Afrikako herrialdeetako osasun sistemen egoerak ere kezkatzen du senegaldarra, herrialde asko mundu mailako pandemia bati aurre egiteko prestatuta ez daudela uste duelako. Ndoyek bi arazo nabarmendu ditu arlo horretan. "Alde batetik, Senegalen osasun sistema ordainpekoa da, eta egunez egun bizi diren herritarrentzat ahalegin ekonomiko handia, kasu batzuetan ezinezkoa, izaten da medikuarengana joatea". 

Horrez gain, nabarmendu du herrialdeak ez daukala gaixo larri kopuru handia artatzeko nahikoa azpiegitura. "Horregatik, kasuek gora egiten badute, gaixoak artatzeko baliabiderik ez dute izango". 

Neurri zorrotzak
Senegaldarraren antzeko kezkak ditu Ghariba El Ghailani oriotarrak ere. «Marokon ere jende gehiena egunez egun bizi da. Lanik egiten ez badute, ez dute jatekorik. Berez, herrialdean ez dituzte COVID-19 kasu gehiegi atzeman, baina koronabirusaren krisia lehertu zenean Maroko izan zen mugak itxi zituen lehen herrialdea. Hasieran, 18:00etatik goizera arteko etxeratze agindua ezarri zuten, baina, ondoren, Espainian konfinamendua ezarri zutenean, Marokok ere neurri bera hartu zuen». El Ghailanik aitortu du «oso egoera zaila» bizi dutela zenbait marokoarrek, eta horregatik zenbait herritar kalera atera zirela protesta egitera. «Gorabeherak eta tentsio uneak bizi izan ziren hainbat egunetan Marokoko hirietan, eta oraindik ere poliziaren eta militarren presentzia oso handia da herrialdean». Egun, esaterako, familiako kide bakarra atera daiteke etxetik oinarrizko erosketak egitera, eta horretarako administrazioko funtzionario batek sinatutako agiri ofizial bat eraman behar du gainean, kalean jarri dituzten kontrolak gainditu ahal izateko. "Dena dela, ez da ezer falta herrialdeko dendetan; denetik aurkitu daiteke irekita dauden janari dendetan, eta horrek lasaitu egiten ditu marokoarrak".

Bestalde, atzotik maskarak derrigorrezkoak dira herrialdean, eta jantzita eramaten ez dituztenek hilabete eta hiru hilabete arteko kartzela zigorra bete eta isuna ordaindu beharko dutela jakinarazi du gobernuak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!