Arrantzaleak haserre, antxoa prezio baxuan saldu dutelako

Karkara 2020ko api. 22a, 15:45

Bi egun dira antxoa kanpaina hasi zenetik, eta arrantzaleak "haserre" daude antxoa "oso merke" saltzen ari direlako. Prezio horretan, itsasora atera eta osasuna arriskuan jartzeak merezi duen zalantzan jarri dute zenbaitek.

Kostera hasiberritan, antxoa kiloaren prezioak baxuak izan dira. Astelehenean, Ondarroan kiloa 0,10 euroan erostea eskaini zioten bapore bati, eta hori ikusita, ez saltzea erabaki zuten. Atzo, kiloa 0,85 euro eta 1,18 euro artean saldu zuten arrantzaleek portu horretan. Getarian deskargatu zuen ontzi batek, berriz, antxoa kiloa 1,30 eurotan saltzea lortu zuen.

Hainbat arrantzalek iritzi dute arraina hain prezio baxuan saldu baino, hobe dela etxean geratu eta osasuna arriskuan ez jartzea. Emeterio Urresti Getariako Kofradiako Presidenteak bi faktore nagusirekin lotzen ditu prezio baxuak: batetik, antxoa oso txikia arrantzatu izana, eta beraz, kontserba enpresek ez erosi nahi izatea. Bestetik, portuetan sartzeko ordutegiak; aurrena lehorreratzen diren itsasontziek prezio hobean saltzea lortzen baitute azkenek baino. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!