Arrantzaleei koronabirusaren testak egiten hasi dira

Karkara 2020ko api. 28a, 08:49

Apirilaren 20an hasi zuten arrantzaleek aurtengo antxoaren kostera, eta COVID-19 birusa detektatzeko testik egin gabe atera ziren itsasora.

Hilaren 20an hasi zuten Orioko arrantzaleek aurtengo antxoaren kostera. Itsasora atera baino egun pare bat lehenago, KARKARAk Jon Mujika Orioko Kofradiako presidentea elkarrizketatu zuen, eta hark adierazitakoaren arabera, koronabirusaren testik egin gabe ekitera zihoazen kanpaina berriari.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak berriki azaldu duenez, asteburuan arrantzaleei PCR testak egiten hasi dira, COVID-19 kasu posibleak detektatzeko. Gipuzkoako arrantzaleekin eta lonjetako 29 langileekin ekin diote testak egiteari, besteak beste, gipuzkoarrak direlako antxoatan ari diren bapore gehienak. Oraingoz, ez dute positiborik atzeman.

Gipuzkoako arrantzaleekin bukatutakoan, Bizkaian antxoatan ari diren zazpi baporeetako arrantzaleei egingo dizkiete testak, eta gero, baxurako ontziekin bukatutakoan, Ondarroako hamabi arrasteontzietako 120 arrantzaleekin jarraituko dute.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!