Iñigo Urdinagak 'Surflaria eta paradisua' liburuaren gaztelaniazko bertsioa argitaratu du

Iñigo Gaiton 2020ko api. 30a, 12:00

'Un surfista en busca del paraíso' izenburupean plazaratu du liburua Urdinagak. Dagoeneko herriko dendetan eskuratu daiteke. 

2017ko udaberrian 'Surflaria eta paradisua' eman zuen argitara Iñigo Urdinagak: surfak azken bost hamarkadetan izandako eboluzioaren irakurketa egitearekin batera, gizarteko gai desberdinei buruzko —garapena, kapitalismoa, ingurugiroaren zaintza…— hainbat ideia eta hausnarketa biltzeko asmoz idatzitako liburua. “Sailkaezin bezain gozaerraz” modura definitu zuen Joxerra Gartzia editoreak argitara eman berritan.

Aurkezpenetik hiru urte pasa dira, eta idazlea “gustura” dago ordutik liburuak egin duen bidearekin: “Oihartzun dezente izan zuen atera zenean, eta gerora, irakurleek helarazi dizkidaten komentarioak onak izan dira. Batek baino gehiagok aitortu dit zer pentsatua eman dion irakurketa izan dela; fresko idatzia dagoela ere esan didate, erraz eta ondo irakurtzen dela”, adierazi du Urdinagak. Salmentei dagokionez, “800 aletik gora” saldu direla zehaztu du, zifra ontzat emanez.

Orain, liburuaren gaztelaniazko bertsioa eman du argitara: 'Un surfista en busca del paraíso'. Urdinagarentzat liburua “artefaktu ideologikoa” ere bada, eta surflari gehiagorengana iristeko helburuarekin egin du itzulpena: “Munduan surflari asko gaude surf modernoaren korronte nagusitik kanpo. Bada, horren inguruko nire ikuspegia plazaratuz, argudioak emanez, liburua jende gehiagok irakur dezan saiatuko naiz gaztelaniazko bertsioarekin”.

Bere inpresioaren arabera, surfarekin loturarik ez duten irakurle gehiago izan ditu euskarazko liburuak, surflariak baino. “Oraingo bertsioarekin, ziurrenik, alderantziz izango da”, aurreratu du. Izan ere, “gaztelaniako liburuen unibertsoa oso zabala da” bere iritziz, eta liburuarentzat “zaila” izango da ikusgarritasuna lortzea. Horregatik, surf giroan errazago zabalduko dela uste du, publiko orokorraren artean baino.

Liburu “informalagoa” gaztelaniaz

Urdinagak beregain hartu du itzulpen lana, inguruko lagun, idazle eta editoreek hala gomendatuta. “Elebiduna izanik eta gaztelaniaz dezente irakurtzen dudanez, itzulpena nik egitera animatu ninduten”, dio surflariak. Prozesua “gogorra” izan dela aitortu arren, konforme da emaitzarekin: “Euskarazko bertsioa nireagoa sentitzen dut, herriko eta itsas-giroko hitz eta esamoldeak sartzeko ahalegina egin nuelako, besteak beste. Gaztelaniara itzulitakoan, gauza horiek galdu egin dira, baina, beharbada, beste batzuk irabazi ere bai; adibidez, oraingoa freskoagoa dela esango nuke, informalagoa”.

`Surflaria eta paradisua´ irakurri dutenek ez dute eduki berririk topatuko gaztelaniazko bertsioan, Urdinaga lanaren itzulpena egitera mugatu delako, ezer gehitu gabe. Dena den, xehetasun bat nabarmendu du: “Euskaraz irakurtzerakoan oso argi dago nor garen gu: kostaldeko herri txiki bateko biztanleak, surflariak, euskaldunak… Gaztelaniako bertsioan gu hori nahasiagoa da, heteroagoa”.

Aurkezpenak atzera, koronabirusaren ondorioz

Urdinagak liburua martxoan aurkeztu nahi zuen jendaurrean, baina osasun krisiagatik bertan behera geratu zitzaizkion aurreikusitako hitzordu pare bat: “Koronabirusak bete-betean harrapatu nau, eskerrak inprentako lanak behintzat eginak zeuden pandemia zabaltzerako”.

Aurreko lanaren modura, ´Un surfista en busca del paraíso´ autoekoizpen bidez eman du argitara, berak sortutako Salbera zigiluarekin. Aukera duenean, aurkezpenak eta promozioa egiten saiatuko da. “Mugitzea tokatuko zait, liburua ateratzen egindako ahalegin ekonomikoari buelta ematen saiatzeko”, bukatu du.

“Un surfista en busca del paraíso” dagoeneko jarri dute salgai Orioko Hontza paper-dendan eta Iturain estankoan, eta Internet bidez ere eros daiteke. Urdinagak blog bat jarri du martxan, liburuari buruzko informazio eguneratua emateko: surfistabuscaparaiso.com

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!