"Komuneko paperarekin bezala gertatu zen haragiarekin itxialdi hasieran"

Iñigo Gaiton 2020ko api. 30a, 10:45

Iñaki Olidenek harategian edo ukuilu inguruan ematen ditu eguneko ordu gehienak. Hala bezeroekin nola idiekin, "psikologo" lanak egitera ohitua dagoela azaldu du, ironiaz. Herenegun Olidenekin egindako bideo-elkarrizketa argitaratu genuen, eta gaur idatziz ekarri dugu webgunera.

Ondo pasa al dituzu itxialdiko asteak?
Baietz esango nuke. Lanagatik nahi baino gehiago ibili behar izan dut batera eta bestera, baina etxean ere ordu asko eman ditut, eta primeran moldatu gara emaztea, bi seme-alabak eta laurok. Elkarrekin ohi baino denbora gehiago eman izanak gure arteko harremanak sendotu egin dituela esango nuke.

Idiak ere familiakoak dituzu, ia-ia. Inoiz azpimarratu izan duzu haien psikologia ulertzen saiatzen zarela, deman garrantzia duelako. Nola eragin die konfinamenduak?
Itxialdiko lehen egunak gustura hartu zituztela esango nuke, gutako askok bezala, lasai egoteko aukera izan zutelako. Gerora, urduriago atzeman ditut. Gureak ohituta daude egunero edo bi egunean behin entrenamenduak egitera, eta asteek aurrera egin ahala, edozein kirolarik izan dezakeen grina pilatzen joan zaie. Ezinegonagatik elkarri adarka ibiltzen dira, saltoka, eta haien artean ibiltzea arriskutsua izaten hasi da.

Erraz atzematen al diezu zer aldarte duten?
Pertsonei baino errazago askotan. Beraiek niri ere bai: okerreko hankarekin jaiki bainaiz edo ohi baino urduriago banabil, begiratua aldatzen zaie. Idi bakoitza mundu bat da, eta konfinamenduak desberdin eragin die denei, guri bezalaxe.

Idiak batetik, harategia bestetik. Ze martxa duzue egunotan?
Duela bi astera arte-edo denak emanda ibili gara, gain hartuta. Dena den, lehengo astetik bezeroak lasaiago atzematen ditut, funtzionamendu berri honetara ohitzen ari garela ematen du.

Konfinamendua indarrean sartu aurreko eguna harri eta zur bukatu zenuen, harategian bizitakoarekin.
Jendea ez nuen sekula hain urduri ikusi. Ziurgabetasun handia zegoen, oraindik ezarri gabe zeuden babes neurrien protokoloak, eta egun gogorra izan zen. Bezeroek jenero pila bat eraman zuten etxera; komuneko paperaren efektu bera gertatu zen haragiarekin.

Haragirik gabe beratzeko beldurrik izan al zenuen?
Ez, hornitzaileek behar adina izango genuela esaten zidatelako.

Zer haragi mota saldu duzu gehien azkenaldian?
Aste batzuetan gauza bat, hurrengoan bestea… Aste Santuetan, adibidez, txerri saiheskiak. Oilaskoa ere asko, orokorrean.

Aurrera begira, baikorra al zara? 
Izatez naiz baikorra, eta honek gauza onak ere ekarriko dituela uste dut; auzotarren arteko harremanak indartzen ari direla iruditzen zait, adibidez.
Bukatu aurretik, sortzaileen aldeko aldarria egin nahiko nuke. Azken asteotan agerian geratu da gizarteak haien lanarekiko duen premia. Sektore guztietatik egiten den lanari eman behar zaio balioa, denon eguneroko bizitza hobetzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!