Paseatzeko eta kirola egiteko ordutegi zabala izango dute aiarrek

Karkara 2020ko mai. 1a, 15:46

5.000 mila biztanletik beherako herrietan, 06:00etatik 23:00etara bitartean atera ahalko dira herritarrak paseatzera eta kirola egitera

5.000 biztanletik gorako herrietan kalera ateratzeko ordutegiak zehaztu ditu Espainiako Gobernuak, adin tartearen arabera. Dena dela, dekretuan azaldu dute herri txikietan 06:00etatik 23:00etara bitartean atera ahalko direla herritarrak paseatzera eta kirola egitera. Hala, aiarrek  ordutegi zabala izango dute kalera ateratzeko, baina hainbat arau bete beharko dituzte.

Alde batetik, 14 urtetik gorakoek kirola egiteko bakarka atera beharko dute kalera, eta norbera bizi den udalerriko mugen barruan ibili beharko dute. Egunean behin egin ahal izango da kirola, baina umeak dituztenak haiekin ere kalera atera ahal izango dute egunean beste behin, ez dago aukeratu beharrik bat edo beste. Haurrekin kalera ateratzeko ordutegi zabala izango dute aiarrek, baina umeek heldu batekin atera beharko dute, eta etxetik kilometro bateko erradioan ibiliko dira.

Bestetik, paseatzera etxeko bizikide batekin atera ahalko dute kalera, eta etxetik kilometro bateko erradioan mugitu beharko dute.

Horrez gain, ezinduak, 70 urtez gorakoak eta elbarritasunen bat edo behar bereziren bat dutenak laguntzaile batekin edo bizikiderekin batekin atera ahalko dira kalera.

Azkenik, Espainiako Gobernuaren dekretuan argitu dute ezingo direla kalera atera COVID-19arekin gaixotuta daudenak, berrogeialdian daudenak, eta zahar etxeetako egoiliarrak..

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!