Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria

Jon Redondo: "Federazioek klubek baino hobeto eutsi ahalko diote"

Karkara 2020ko mai. 3a, 13:24
(Berria.eus)

Redondok Berria egunkariari nabarmendu dioenez, goi mailako kiroletik harago, eta segurtasun neurriak betez, ikuspegi sozialetik eta ekonomikotik, garrantzitsua da kirolaren sektorea berriro ere abian jartzea. Zuzendaritzatik horretarako ari dira lanean.

Koronabirusak ere hankaz gora jarri du kirolaren mundua: txapelketa asko bertan behera geratu dira, edo atzeratu egin dituzte. Klub askok, berriz, aldi baterako enplegu erregulaziora jo behar izan dute. Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kiroletako zuzendariak (Orio, Gipuzkoa, 1979) onartu egin du «zalantzaz» betetako asteak direla, baina sektoreak dituen indarguneak ere azpimarratu nahi izan ditu.

Kirolari ohi eta kirol arduradun moduan nola ari zara bizi izaten koronabirusaren krisia?

Berria izanik, ahal dudan moduan. Orain arte, kirola ez egitearen falta sumatu dut gehien. Gainera, alarma egoeraren ondorioz, gure sektorea geratuta dago, eta ea egoera honi nola ematen diogun buelta.

Zein kezka nagusi dituzue zuzendaritzan?

Sekula ez da jarduera erabat geratu. Inoiz ez dugu halakorik ikusi. Kirol azpiegitura publikoak zein pribatuak itxita daude, eskola kirola eta federatuen lehiaketak etenda, baita proben antolakuntza ere. Egoera honetan, autonomoak eta enpresa txikiak ari dira gehien sufritzen, kirolaren sektorean ere asko baitaude. Kluben egoera ez da samurra, horietako asko babesle txikiei esker bizi baitira, eta haien egoera ekonomikoa ere ez da erraza krisi honen eraginez. Ondoen, berriz, federazioek eutsiko diote, administraziotik gertuen daudelako, eta laguntza zuzena ematen diegulako.

Kluben egoera ez dela samurra aipatu duzu. Horietako askok enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak egin dituzte. Nola irauli haien egoera?

Zalantza asko daude. Nahiz eta haien diru sarrera nagusia ez izan, ez dakigu diru publikoa zenbateraino bermatu ahal izango dugun. Klub asko, gainera, aipatu bezala, babesle txikiei esker bizi dira, eta zaila izango da eustea. Ateak itxita jokatzen hasten badira, gainera, beste diru sarrera batzuk ere ez dituzte jasoko: sarrerena, bazkideen kuotena, tabernarena… Beraz, ikusi beharko dugu egoera horri nola heldu. Baina nik alde baikorrari ere begiratu nahiko nioke. 2008ko krisian ikusi genuen, hemendik kanpoko klub askok poltsikora jotzen zutela. Orain, ordea, ezingo dute. Harrobiaren aldeko apustua egin beharko da, eta hori guk oso ondo landua dugu, eta abantaila izan dezakegu. Nahiz eta egoera beltza izan.

Elkarrizketa osorik, Berria.eus-en.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!