Benetako etsaia koronabirusa ote duten

Karkara 2020ko mai. 4a, 09:50

Anjel Lertxundi idazleak honako artikulu luzea plazaratu zuen atzo Berria egunkariko bere txokotik. 

Zer gutxiago, konpai?

Gerrek eta goseteek bezala, pandemia batek ere gizarte baten egitura guztiak gaixotzen ditu, boteretik hasita. Pandemiaren kontra egin behar, eta gobernuek, boterea lanabes, kontrol politiko noranahikoa nahi dute erabakiak hartzeko, burokraziak frenatuko ez duen efikazia bat lortzeko, eskuak eta jokoa libre izango dituen gobernantza bat praktikatzeko. Alegia, demokraziaren alde deserosoenak —oposizioa, debatea, prozedurak— gainetik kentzeko aukera, libreago jokatzeko. Libertatea, ordea, zertarako? Segurtasuna, kontrola, ordena, interbentzionismoa, zentralismoa, arbitrariotasuna nagusitu zaizkio askatasunari. Beharrezkoa al zen pandemia aurre-demokratiko baten prepotentzia kontrajartzea pandemia sanitarioari? Bitartean, konfinatu konfiatuok, otzan-otzan ameto egin, eta kris-kras etxeko maratilari; agur, senideei; pertsiana jaitsi geneuzkan planei. Alarma egoeran zer solidarioagoa, konpai, diziplinatuak izatea baino?

Diktaduragatik ahapeka esaten zigutena etorri zaigu gogora: «Tentuz ibili guzti-guztia berak egin eta berak gobernatzen duenarekin: ez da gure hobebeharragatik ari, dena kontrolatzeko baizik». Eta huraxe egia: lana efikazago egiteko aitzakian, imajinatu ere egingo ez genituenak irentsi ditugu denbora laburrean: mugak itxita; ejertzitoa, gure bizitzako korridoreetan; probintziak, Francoren garaiko mapetan bezala; minimo demokratikorik gabeko erabakiak; polizia kaleen jabe; eskubide zibilen prekaritatea; informazioaren sinesgarritasun bisustua, arbitrariotasuna... Garai bateko salbuespen egoerak gogoratzeko moduko panorama bat, labur esanda. Eta konfinatu konfiatuok, otzan-otzan amore eman, eta kris-kas ahoari, ut-ut susmo txarrei eta mapa zaharrei. Hil ala biziko egoeran zer demokratikoagoa, konpai, eskuzabalak izatea baino?

Alarma egoeran gaudenez, oposizioak, alarmaturik, Venezuela, komunismoa, KGB, independentistak, eta, behar izanez gero, baita juduak eta masoiak, eta baita etorkinak ere, ikusi ditu jenderik gabeko plazetan. Koronabirusaren arriskua salbu, beste guztia ikusten dute. Berek kudeatutako hildakoak izan ezik kontatzen dituzte eta berek jariatutako zorna-birusaren kiratsa ez beste guztia usaintzen. Eta konfinatu konfiatuok, otzan-otzan konformatu, eta ozpina ari gara irensten eta behazunari eransten. Politika da eta zer higienikoagoa, konpai, zaborra ondo kudeatzea baino?

Txibatoz bete zaizkigu hainbat leihotako kortina-atzeak, ateko behatxuloak, kale bazterretako izkinak. Beldurrak eragindako salaketa anonimoak ezagutu ditugu, baita auzo-arteko konponezin agerikoen mendeku isilak ere, edo hurkoa izorratzeko plazer hutsez eginak. Ezagutu dira bizia jokatzen ari diren profesionalen edo etorkinen kontrako jarrera miserableak ere. Eta konfinatu konfiatuok, otzan-otzan, hobe isilik, normaltasuna-edo noiz iritsiko. Pazientziaren garaiotan, zer zuhurragoa, konpai, beste aldera begiratzea baino?

Irakurri osorik hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!