Historialari eta ikertzaile handia joan da

IƱigo Gaiton Glez. de Txabarri 2020ko mai. 6a, 18:10
Argazkia: Michael Barkham Huxley

Selma Huxley historialaria hil zen astelehenean Londresen, 93 urterekin. Besteak beste, XVI. mendeko Orioko bi arrantzaleren testamenduak aurkitu zituen; Amerikako testu idatzi zaharrenetakoak dira dokumentuok. “Ausardia eta sentsibilitate handiko ikertzailea” izan da Huxley, harekin eta familiarekin tratu handia izan duen Iñaki Lasarentzat.

Selma Huxleyk (Londres, 1927) 1956an egin zuen lehen bidaia Euskal Herrira. Ordurako Kanadan bizi zen Ingalaterran jaiotako historialaria. Ternua inguruko itsasaldearen eta Euskal Herriaren arteko harremanak ikertzeko helburuarekin jo zuen Amerika iparraldera. Gero, azterlan horrek Gipuzkoara ekarri zuen, eta Oñatiko Gipuzkoako Protokoloen artxiboan dokumentu asko aurkitu zituen, XVI. eta XVII. mendeko euskal arrantzaleei buruzkoak. 

Oñati 20 urtez izan zuen bizitoki eta ikerketarako gune. Bi hamarkada horietan egindako lanari esker jakin zuen euskaldunak, Kanadako kosta Atlantikoan egiten zen bakailao arrantzan ez ezik, baleak harrapatzen ere aritu zirela XVI. mendean. Huxleyk aurkitutakoak dira, besteak beste, Albaolan egiten ari diren San Juan baleontziari buruzko jatorrizko  dokumentuak. 

Oriorekin lotura
Oriorekin harreman zuzena izan zuen ikerlariak, eta hainbat alditan izan zen herrian. KARKARAk 2002an egindako bisita bat jaso zuen, 146. zenbakian. Bere aurkikuntzak dira, besteak beste, Ternuan hil ziren Juan Martinez Larrume eta Joanes Etxaniz balea-arrantzaleen testamentuak. 1577. urtean hil zen lehena, 1584an bigarrena. Hil aurretik, etxetik milaka kilometrora utzi zituzten idatzita azken dokumentu ofizialak. Gaur egun, Orioko bi arrantzaleen testamenduak Amerikan sortu eta jasotako idatzi zaharrenetakoak dira. Huxleyk Oñatin aurkitu zituen, eta hemen klik eginda ikus daitezke.

Iñaki Lasaren esanetan, Arantzazun izan dezake sorburua historialariaren eta Orioren arteko harremanak, baina ez dago ziur: «Oñatin bizi izan zen urteetan, Arantzazura buelta batzuk egingo zituela pentsatzen dut. Garai hartan, guk etxekotzat genuen frantsizkotar bat zegoen santutegiko buru, Marrota baserriko Alejandro. Nire ustez, hark emango zion Selmari Orioko balea-arrantzaleen berri, eta nire aitarekin jarri zuen harremanetan», azaldu du.

Lasak 70eko hamarraldiaren bukaera aldera ezagutu zuen Huxley, aitaren bitartez. «Botikara ekarri zuen egun batez, ni lanean hasi nintzen lehen urteetan», gogoratu da. «Aitari interes handia piztu zion Selmak kontatutako guztiak, eta horren harira, oriotar taldetxo batek bidaia egin zuen Kanadara 1982an. Jose Mari Lizaso alkatea, Joxe Mari Azkue Kofradiako presidentea, Iñaki Linazasoro Tolosako kazetaria eta gure aita, Iñaki hura ere, joan ziren», adierazi du Lasak. Oso gustura itzuli ziren Ternuako egonalditik.  

Historialari ausarta
Urte hauetan guztietan, lasatarrek harremana mantendu dute Huxleyrekin eta haren  seme-alabekin. «Gaur gaurkoz, tarteka Michael semearekin afaltzen dut. Donostian bizi da, Intxaurrondon. Hura ere historialari bikaina da; Orion hitzaldia eman zuen, duela urte batzuk», zehaztu du.

Historialariren heriotza «pena handiz» hartu du Lasak: «Semeak komentatu zidan poliki-poliki itzaltzen ari zela, eta 93 urterekin joan da. Oso maitea nuen. Sentsibilitate handiko emakumea zen, atsegina benetan, eta  oso ausarta». 

Izan ere, Huxley nahikoa gazte alargundu zen, lau seme-alabarekin. Zailtasunak zailtasun, familiarekin batera eta bestera ibili zen, munduko hainbat txokotan ikerketak egiten: «Michaelek kontatzen didanez, umetan orduak eta orduak  ematen zituzten artxiboetan eta liburutegietan marrazkiak egiten, ama lanean ari zen bitartean. Bere lanari emanda bizi izan zen urte luzez». 

Herriko ondarea balioan
«Selmari emozio handia eragiten zion inguruotara etortzeak» azaldu du Lasak. «Goiko Kaleko eraikin batzuek zuten balio historikoaren jakitun izanik, atsekabea eragiten zion eraikinak behar bezala mantendu ez izanak.»  

Huxleyk egindako lanari ikusgarritasun handiagoa emango lioke herrian: «Eusko Jaurlaritzak Lagun Onari saria eman zion 2014an  atzerrian  ibilitako euskaldunen hedapen historiko eta kulturalari egindako ekarpenagatik; Donostiako Aquariumaren Urrezko Domina ere jaso zuen. Orion, ordea,  aitortza handiagoa merezi duela iruditzen zait, gure historia hobeto ezagutzen lagundu digulako».

Historialariaren lana aitortzeaz gain, Orio eta Ternuako  herriren baten arteko senidetasun proiekturen bat abiatzearen aldekoa da Lasa, “Selmaren eta hara joan ziren arrantzaleen omenez”. 

Orioko Udalaren eskertza
Orioko Udalak eskertza oharra eman zuen argitara Huxley hil eta hurrengo egunean. «Dolumin sentituenak» bidali zizkien haren familiakoei, egindako «lan handia» eskertzeaz gain. Orioko Herriak historialariari asko zor diola ere zehazten zuen plazaratutako oharrak.  

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!