PAPEREKOA

Itsasoari begira

Karkara 2020ko mai. 8a, 13:00

Iñigo Gaitonek KARKARA aldizkariko `Hizkiak eta izpiak´ atalean argitaratutako argazkia eta testua.

Halaxe harrapatu nituen argazkiko aita-semeak lehengo igande goizean; hilabete eta erdiren ondoren, berriro kresal usainaz gozatzen. Ez zen olatu txukunik, ura marroi kolorekoa, erdi-ipurdiko eguraldia... Baina, zer axola ote dio horrek guztiak sei aste luzez kalerik zapaldu ez denean? Hainbeste egun etxean pasatzeak gure izaeran eragin ditzakeen aldaketen beldur da ezagun bat, askotan aipatzen du gai hori azken asteotan. Jokabideak dagoeneko aldatzen hasi direla esaten diot nik: onerako edo txarrerako, itxialdiarekin umetu diren helduak ikusi ditudala sare sozialetan eta watxap taldeetan, eta alderantziz, kolpetik heldutu diren haurrak etxeko balkoietan, iluntzero. Dudarik gabe, irudiko umeek, eta beste askok, beti izango dute gogoan aita edo ama paseatzera atera zuten igande goiz hura.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!