Terrazez gozatzeko aukera, aspaldiko partez

IƱigo Gaiton Glez. de Txabarri 2020ko mai. 11a, 15:37

Lagunekin, lankideekin, familiakoekin edo bakarrik, terrazetan esertzeko aukera izan da gaur dozena-erdi bat tabernetan eta kafetegitan. Batean eta bestean, jende pixka bat ibili da, ostalarien esanetan. Kafearen aitzakian, pantailatik atera eta aurrez aurreko berriketaz gozatu dute hainbat herritarrek.

Goibel esnatu da astelehena gaur, zerua gris antzean eta euri makalarekin. Tabernak eta kafetegiak ireki eta terrazak jartzeko aukera izan dute gaur ostalariek, bi hilabete eta gero. Bateko eta besteko, dozena erdi establezimenduk atera dituzte mahaiak eta aulkiak kalera, arkupeetan edo toldoek babestuta. Goizean zehar eguraldi eskasa izan den arren, herritarrek gogoz heldu diote berriro "betiko ohiturari"; alegia, goizeko kafea kalean hartzeari.

"Eguraldiak ez digu lagundu, lastima. Toldo azpian jarri behar izan ditugu mahaiak, eta horrela, nahikoa toki mugatua geratzen zaigu", penatu da Kutixi kafetegiko Nerea Etxeberria. Goizeko zazpi t´erdiak alderako jarri dituzte mahaik terrazan, eta lehen ordutik izan dute mugimendua. "Jendeak sozializatzeko gogoa du, beharra", adierazi du. Ikusi duenaren arabera, gaur kafe usaina izango omen da Instagramen eta halakoetan. Goizeroko kafea hartzeaz gain, bada Kutixin bapo gosaldu duenik. "Hemen, etxean prestatzen ez diren gosariez gozatzeko ohitura du jendeak: tostadak tomatearekin, gozoren bat,... Aspaldiko partez, halako plazeren bat hartzera etorri dira batzuk", poztu da. Bezeroak gustura atzeman ditu, eta "zalantzati" ere bai. "Galderak egin dizkigute ordutegien harira: noiz atera daitekeen kafea hartzera, zenbat denbora...".

Osasun neurriak zorrotz betetzen dituzten galdetuta, Etxeberriak argi du haien ikuskatzaile nagusiak "bezeroak" izango direla. Denbora tarteari dagokionez, oraindik ez dute agindu zehatzik jaso, eta jendea nahi adina egon daiteke terrazan. Etxeberriak herritarrak "animatu" nahi ditu herriko tabernetan, kafetegietan eta dendetan kontsumitzera, "honi guztiari denon artean aurre egiteko".

Azken asteetan, establezimenduak irekitzeko jarri dituzten neurriak "gogorregiak" direla salatu izan dute ostalariek; zaila dela terrazak erdizka beteta negozioak errentagarri egitea. Kafetegia ireki arren, galerak izanez gero atzera egiteko prest dagoen galdetu diogu Etxeberriari: "Kezka hori beti dago hor. Itxialdiko aurreneko egunetan ogiarekin bakarrik funtzionatu genuen, gero kafea eramateko jartzen hasi ginen... Justu ibili arren, Kutixi zabalik mantendu dugu, betiko bezeroei zerbitzua emanez; alegia, urte guztian guri jaten ematen digutenei. Nire ikuspegitik, zerbitzua ematea beti da errentagarria, lehenago edo beranduago".

Kaleta pizzeriakoek ere jarri dituzte mahai batzuk toldopean, eta goizean "mugimendu pixka bat" izan dute. Andrea De Diego, hango langileetako bat, amorratzen dago martxa hartzeko. Pizzeria etxeko negozioa dute, eta itxialdian zehar, amarekin batera askotan begiratu izan dio zeruari etxeko balkoitik: "Konfinamenduko denbora tartean eguraldi ona egin du asteburu askotan, eta ama eta biok penetan egon izan gara, pizzeria itxita izan beharragatik".

Goizean zehar, jendearengan "beldur pixka bat" atzeman duela aitortu du: "Ohiko bezero bat edo beste pasa da terrazaren aurretik, aurreneko eserialdia egiteko egun batzuk itxarongo dituztela esanez". Osasun neurriez galdetuta, zorrotz beteko dituztela adierazi du De Diegok: "Komuna oso sarri garbitu behar dugu; gutxienez sei aldiz egunean, eta bestela, bezerok batek erabiltzen duen aldiro. Terrazako mahaiak eta aulkiak ere berdin, bezeroak altxa eta hurrengoak esertzerako", eman du jakitera. Mahai batetik bestera utzi beharreko bi metroak ere ondo neurtu dituzte.

Baikorra da aurrera begira: "Aurrera egingo dugu, ziur nago. Egun gutxi barru, kafea eta bestelako edariez gain, bezeroek terrazan pizzak jateko aukera izango dute. Lanerako gogo handia dugu", agurtu da itxaropentsu.

Pizzeria ondoko pasabidean, Gabon tabernakoek ere atera dituzte mahai batzuk. Han hartu du kafea Iker Gozategik bi lagunekin, aspaldiko partez. Ostegunean etorri zen Bartzelonatik, eta pozik da, denbora askoren ondoren, pantailatik atera eta kuadrillakoekin aurrez aurre esertzeko aukera izan duelako. Berarentzat, "surrealista" xamarra da dena: "Ikaragarrizko poza eman dit lagunekin juntatzeak, baina egoera arraroa izan da; aspaldi ikusi gabe, eta ezin haiei muxu edo besarkada bat eman", bota du harriduraz.

Gozategik ez du terrazan eseri eta kutsatzeko beldurrik: "Alde horretatik, oso lasai nago". Ingurukoak besarkatzearen gaiari heldu dio berriz. "Amorratzen nago lagunak edo familiakoak besarkatzeko, baina argi daukat: orain lehentasuna arauak zorrotz betetzea da, berriz atzera ez egiteko", bukatu du.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!