Itxaspeko bidea ireki dute gaur, eta oinezkoentzat eta bizikletazaleentzat izango da aurrerantzean

Karkara 2020ko mai. 13a, 08:54

Otsailaren 25etik gaurdaino itxita egon da mantenu lanengatik. 175.256 euroko kostua izan dute obrek.

Itxaspeko bidea konpontzeko egiten ari ziren lanak bukatuta, gaur irekiko da berriro, oinezkoentzat eta bizikletazaleentzat. Obrak otsailaren 25ean hasi ziren eta orain bukatu dira. Lehenago bukatzekoak ziren berez, baina COVID-19ak sortutako egoerak luzatu egin ditu.

Errepidearen ezponda sendotu egin du Udalak sei puntutan, mikropiloteak erabiliz, eta, horrez gain, bi eskoilera egin eta zati batzuk berrasfaltatu ditu.

Lanak Zubieder enpresak egin ditu eta 175.256 euroko kostua izan dute, BEZa barne.

Aurrerantzean, oinezkoentzat eta bizikletazaleentzat

Aurrerantzean, Itxaspeko bizilagunek eta bertako agroturismoaren erabiltzaileek bakarrik izango dute aukera bide horretan autoz ibiltzeko. Gainontzeko guztiek debekatuta izango dute eta, beraz, oinezkoen bidea izango da nagusiki hemendik aurrera.

Oinezko asko ibiltzen da bide horretan eta, oso estua denez, batzuetan arrisku-egoerak sortzen dira autoekin. Hori izan da arrazoia Udalak bertan autoz ibiltzea debekatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!