"Ondo bidean, ekaina hasieran traineruan entrenatzen hasteko moduan izango gara"

Iñigo Gaiton Glez. de Txabarri 2020ko mai. 13a, 13:04

Iosu Esnaolari ez zaio estreinako denboraldi erraza tokatu Orio AEko presidente modura. Dena den, argi izpiak ikusten ditu udako hilabeteei erreparatuz gero, eta baikorra da: pandemiaren bilakaerak ahalbidetzen badu, ekaina hasieran traineruan entrenatzen hasteko aukera izango dute estropalariek, arinaldiaren 3. fasean sartutakoan.

Aurreneko denboraldia duzu Orio AEko presidente modura. Zer moduz ari zara moldatzen?
Ondo esan beharko. Egunetik egunera albiste berriak ateratzen dira, eta nolabait, horiek uzten duten neurrian, kudeaketa lanak ahalik eta ondoen egiten.

Aldarte onari eusten al diozue elkartean?
Beno, asteek aurrera egin ahala, kosta egiten da positibo mantentzea; luzea ari da izaten krisialdia. Dena den, arinaldia dela eta argi izpiak badira, eta tira, horiei eutsiz baikorra izaten saiatzen naiz.

Uda garaia gerturatu ahala, herrian arraun gosea sortzen da. Traineru estropadarik izango al da aurten?
Ezin dugu baiezkorik edo ezezkorik esan oraindik, besteak beste, azken hitza Espainiako Gobernuak izango duelako. Elkarteari dagokionez, gure esku dagoen guztia egiten ari gara, bakoitza bere esparruan: zuzendaritzakoak kudeaketa lanetan, eta arraunlariak etxetik entrenatzen. 

Traineruen Kluben Elkarteko bilera izan zenuten apirilean. Entrenamendu saioei ekiteko eta estropadak egiteko protokoloa aurkeztu zen bilkuran. Orio AEk bat egiten al du dokumentuarekin?
Bai, erabat. Protokolo hori zehazten ari direnetako bat gure medikua da, eta ekarpen handia egin du. Azkenean estropadak egitea lortzen badugu, neurri asko hartuta izango da, itxura guztien arabera. Dokumentuko puntu asko zehazteko daude oraindik, astetik astera gobernutik neurriak aldatzen dituztelako. 

Eusko Label eta Euskotren ligak osorik egitea proposatzen duzue? Estropaden egutegia moldatu gabe? 
Hasiera batean, hori da gure asmoa, baina pandemiaren bilakaeraren ondorioz moldaketak egin behar badira, prest gaude horretarako. 

Elkarteak prest egongo al lirateke publikorik gabeko estropadak jokatzera?
Orio AEren kasuan bai, tristea litzatekeen arren; arraunlarien motibaziorako gogorra da halako estropadak irudikatzea, baina agian hori izango da lehiatzeko modu bakarra. Ez da ahaztu behar alde on bat ere izango lukeela: telebistarentzat audientzia handiagoa. Horrek ere gure alde joka dezake. 

Gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat neurri berak proposatzen al ditu protokoloak? 
Bai, erabat. Gure kasuan, beti saiatzen gara bientzat gauza berengatik borrokatzen. 

Kirolera beste esparru batzuetara baino lehenago bideratu dira testak azken asteetan, eta horrek polemika piztu du. Zer iritzi duzu gaiaren inguruan? 
 Futbolak diru asko mugitzen du, onerako eta txarrerako, eta lehentasuna ematen zaio,  Gobernuari interesatzen zaiolako partidak jokatzea. Hori horrela da.  Arraunari dagokionez, estropalariei testak egiteko aukerak izango genukeela iruditzen zait, beste esparruetara bideratu beharrekoak errespetatuz. 

Noiz aurreikusten duzue traineruan entrenatzen hastea? 
Ondo bidean, ekainaren 1etik 8rako astean, itxura guztien arabera; alegia, konfinamenduaren arinaldiaren hirugarren fasean. 

Oriaren jaitsiera izan zen Orio AEren eta Babyautoren babesletzaren arteko azken zita. Zer nolako eragina izan du osasun krisiak babesle berria bilatzeko prozesuan? 
Kudeaketari lotutako gai asko zaildu ditu osasun krisiak, hori gauza jakina da. Momentu gogorrak dira denontzat, eta ikusi egin beharko da honek guztiak enpresa handietan eta komertzio txikietan duen eragina. Orain dagoen panorama makurrarekin, ez da erraza enpresa txiki zein handiei diru-eske joatea. 

Zuen aurreikuspenetan sartzen al da ligarik gabeko denboraldi bat, adibidez, Zarauzko eta Kontxako estropadekin bakarrik? 
Ez dut aukera horretan pentsatu ere egin... Gorka eta Nadeth patroiei galdetuz gero, seguru baietz! kar kar kar... Orain jorratzen ari garen bidean TKE liga txukun bat egiteko aukerak ikusten ditugu, eta oraingoz horren alde lan egitea da lehentasuna. 

Orio AEk lan handia egiten du gaztetxoekin eta aulki mugikorrean. Horiei bete-betean eragin die pandemiak. Aukerarik izango al dute udaberrian behertan behera geratutako estropadak udan egiteko? 
Aukera txikiren bat izan dezakete, estropadaren bat edo beste jokatzeko. Gaztetxoei dagokionez, 18 urtetik beherakoak direla kontutan hartuz, neurri zorrotzak hartu beharko genituzke, eta burokrazia kontuak konplexuagoak izan daitezke. Dena den, etxean entrenatzen jarraitzen dute, lan ikaragarria eginez, badaezpada ere. 

Arraun munduak aterako al du ezer onik krisialdi honetatik? 
Gizartea egoera oso zaila ari da bizitzen, eta espero dut luzaroan halakorik berriro ez pasa behar izatea, baina ikaragarri ikasiko dugula iruditzen zait. Nire kasuan, kudeaketa kontuetan «master» bat egiten ari naiz pandemiaren aitzakian, egoerak hala bultzatuta, asko ikasten. 

Mezuren bat helarazi nahi al diezu arraunzaleei?
Ilusiotik bizi behar dugu, eta gure esku dagoena egin. Baikorrak izateko arrazoiak ditugu, eta ez da itxaropena galdu behar. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!