Anuska Esnal, Orioko alkatea

"Zaila iruditzen zait uztailetik aurrera hondartzak normaltasunez irekitzea, aforo mugatuarekin bada ere"

Karkara 2020ko mai. 15a, 09:47

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta kostaldeko herrietako alkateek hondartzen irekiera eta erabilera adosten hasteko bilera egin zuten atzo. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ETBri adierazi dionez, "hondartzen irekiera ekainaren 15a eta uztailaren 1a bitartean egitea da proposamena". 

COVID-19aren hedapena saihesteko, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eremu komunetan edo jende asko biltzen direnetan nahitaez bete beharreko prebentzio-neurriak ezarri dituzte. Eremu horien artean daude hondartzak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Hondartzen Lurralde Mahaia bildu zuen atzo goizean, arinaldian Gipuzkoako hondartzak irekitzeko baldintzak aztertzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen saileko arduradunez gain, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku eta Hondarribiako alkateek eta Donostiako Gune Publikoetako zinegotziak parte hartu zuten. Bilera horretan Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak gomendio eta proposamen batzuk egin zizkien udalei, eta udal-ordezkariekin adostu beharreko hainbat gai jarri zituzten mahai-gainean, besteak beste, hondartzak irekitzeko egin beharko liratekeen jarduerak, bainatzeko eremua ireki aurreko prozedurak eta horiek ireki ondoren ezarri beharreko prebentzio-neurriak. Datei buruzko erabaki irmorik hartu ez bada ere, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ETBri adierazi dionez, "hondartzen irekiera ekainaren 15a eta uztailaren 1a bitartean egitea da proposamena". 

Atzo gauean, Anuska Esnal Orioko alkateak ETB1eko Klaudio Landaren Eztabaidan saioan azaldu zuenez, bilerak "ikuspuntu desberdinak mahai gainean jartzeko eta proposamenak egiteko" balio izan zuen. Izan ere, Esnalek uste du konfinamendutik ateratzeko prozesuak berak "baldintzatuko" duela hondartzen irekiera. Dena dela, adierazi zuen, noiz irekiko diren zehaztea baino garrantzitsuagoa dela nola irekiko diren definitzea. "Ekainaren 30a arte, larrialdi egoeran egongo garela aurreikusten bada, zaila iruditzen zait uztailaren 1etik aurrera hondartzak normaltasunez irekitzea, nahiz eta aforoa mugatua izan. Gure lehentasuna osasuna eta bizitza erdigunean jartzea izango da, eta uste dugu aforoa mugatuta bakarrik ez dela hori bermatuko. Izan ere, ilarak sortuko lirateke hondartzara sartzeko, eta horrek jende pilaketak eta erabiltzaileen arteko gatazkak sortuko lituzke", azaldu zuen.

Bestetik, hondartzaren gaiaren bueltan udalerri guztietan irizpide berak markatzearen garrantzia ere aipatu zuen Esnalek. "Erronka honi denon artean eta adostasunetara iritsita egin behar diogu aurre. Horrela egiten ez badugu, batek hartzen duen erabakiak besteengan eragina izan dezakeelako".

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, atzoko bileran erabaki zuten Gipuzkoako hondartzak gainerako lurraldeetakoekin batera irekitzea. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak laguntza teknikoa eskaini die Gipuzkoako kostaldeko udalerri guztiei hondartza bakoitzaren azterketa pertsonalizatua egiteko. Horrez gain, osasun txostenak eta hondartza erabiltzeko gomendioak ere eman dizkie, urruntze sozialeko arauak ere hondartzetan bete ahal izateko.

CSICen txostena
CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak hondartzetan eta igerilekuetan COVID-19a kutsatzeari buruz argitaratutako txostenaren arabera, oso gutxitan gertatzen da urarekin kontaktua izateagatik gaitza kutsatzea. Beraz, azaldu dute hondartzetan eta igerilekuetan koronabirusa kutsatzeko bide nagusia eztula eta doministikua edo pertsonen arteko kontaktua direla. Horregatik, Gipuzkoako hondartzetako arduradunen iritziz, hondartzak irekitzeko erronkarik garrantzitsuena urruntze sozialeko neurriak errespetatzea izango da eta, horretarako, herritarren artean gizartea urruntzeko kontzientzia kolektiboa indartu behar da. Gainera, bileran adierazi zuten, eremu komunak egunero garbitu eta desinfektatzea ere funtsezkoa izango dela birusa hedatu ez dadin.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!