Orioko Udalak eta herriko bi ikastetxeek bat egin dute Homofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin

Karkara 2020ko mai. 15a, 12:28

Maiatzaren 17an egiten da Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna.

Urola Kostako Hezkidetza Foroak proposatuta, Orioko Udalak eta eskualdeko ikastetxeek bat egin dute aurten ere Homofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin. Beti maiatzaren 17an egiten da eta aurten igandearekin tokatu da.

"Naizela naizena, onartua"
Aurten ikastetxeetan ezin izan dute ekitaldi bateraturik antolatu, baina gaia landu dute, aurreko urtetan bezala. Bestalde, ostadarraren bandera jarri dute ikastetxeek eta Udalak herritarren bistan, 'NAIZENA NAIZELA, ONARTUA' leloarekin. Udalak udaletxeko balkoian jarri du bandera eta datorren astera arte izango da bertan.

Hezkidetza Foroak, iaz, lorategiak ostadarraren koloreekin apaintzeko proposamena egin zien eskualdeko ikastetxeei eta udalei, 'Zaindu aniztasunaren lorategia' leloa abiapuntu hartuta. Aurten, egoera dela eta, ez du horrelako deirik egin, baina Orioko Udalak, herriko lorategiak zaintzen dituen enpresarekin hala adostuta, ostadarraren koloreekin apaindu du tren-geltokiaren ondoko biribilgunea, aniztasun sexualaren aldarria egiteko eta homofobiaren kontra agertzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!