"Aroa eta gutxi" abestia sortu dute Sarasua familiako kideek

Uxue Igarza / GOIENA 2020ko mai. 15a, 09:04
None

Familia artean ondo pasatzeko asmoarekin sortu zuten sarasuatarrek abestia; hala kontatu du Jon Sarasuak. Hasiera batean intimitatean sortutako kantuak, ordea, sareetarako jauzia egin eta harrera beroa izan du herritarren artean.

Jon Sarasuak idatzi du abestiaren letra, eta Josu anaiak jarri dio musika. Dena den, ondoren, familiako gainerako kideek ere beraien alea jarri dute abestia sortzerako orduan. Itxialdia "zorrotzagoa" zenean otu zitzaien abestia egiteko ideia, eta familiako kideek –bakoitzak bere etxetik– abestia osatzen jardun dute. "Batzuk iparraldetik eta besteak hegoaldetik. Eskoriatzatik, Aretxabaletatik, Itsasutik… Bakoitzak bere etxetik egin du; egun aukera hori ematen digu teknologiak", azaldu du Jon Sarasuak.

Abestiaren mezua

"Gutxi" hitzarekin jokatuz "begiratu luze" bat eman nahi izan diote garaiari, eta horretarako abestiak bi zati dituela azaldu du Jon Sarasuak. Alde batetik, pandemia iritsi aurreko garaiari erreferentzia egiten zaiola adierazi du: "Gure klase ertainari egindako interpelazio bat da; autointerpelazio bat. Koronabirusa etorri aurretik aldaketarako arrazoiak bazeudela kontatzen du abestiak lehenengo zatian". Bigarren zatian ordea, pandemia aipatzen da, eta egun jendartean dagoen "galdera nagusia" egin nahi izan dute sarasuatarrek: "Beste bizimodu eredu bat aztertzeko balio izango al du egoera honek?"

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!