Udalak eta OinHerri elkarteak elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute

Karkara 2020ko mai. 19a, 09:31

OinHerri Herri Hezitzailea elkartearen helburua da "herrigintzatik abiatuta, benetako parte-hartzea bultzatzea eta balio hezitzaileak hedatzea".

Orioko Udalak eta OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren helburua da elkarlanerako markoa finkatzea, OinHerri elkartearen helburu, printzipio eta lan-ildoak Orion garatzeko. OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak denbora darama haurren hezkuntza eta aisialdia beste modu batera antolatzeko moduak aztertzen, teoria eta praktika uztartuz. Bere helburua da, "herrigintzatik abiatuta, benetako parte-hartzea bultzatzea eta balio hezitzaileak hedatzea".

Hitzarmena urtebeterako sinatu dute eta, bi aldeak ados agertuz gero, urtez urte luzatu ahal izango da legeak ezartzen dituen mugen barruan. Hitzarmenaren arabera, Udalak 3.000 euroko dirulaguntza emango dio OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteari, bere jarduera eta proiektuak finantzatzeko eta Orion bere printzipio eta lan-ildoak garatzeko, hezkuntzako eragileekin elkarlanean.

Oin Herri Herri Hezitzailea elkartearentzat oso garrantzitsua da "jolasa eta sormena oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea". Orioko Udalak bat egiten du elkartearen filosofiarekin, eta herriko hezkuntza-eragile guztiekin elkarlanean, xede hori Orion garatu nahi du herrian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!