"Udan dena desberdina izango da atzerriko bezerorik gabe"

Mireia Galarza eta Maialen Etxaniz 2020ko eka. 5a, 18:43

Urola Kostako Hitzak erreportajea egin du eskualdeko hainbat taberna eta jatetxeetako arduradunekin. Tartean, Xixario erretegiko Luixmari Uranga elkarrizketatu dute.

Xixario aipatu, eta gehiengoari, ziurrenik, Orioko jatetxe ezagunenetariko bat etorriko zaio burura. Luixmari Uranga da, bere anaiarekin batera, jatetxeko nagusia. Hilaren 12an irekiko dute, eta hasteko «gogoz» daude. Izan ere, «ohitu gabe» daude hain geldialdi luzea egitera. «Bat-batean harrapatu gaituen zerbait izan da, oso ezustean». Itxialdian protokolo berriak martxan jartzeko tartea hartu dutela azaldu du Urangak. Dosifikadoreak, ozono makina, tenperatura hartzeko tramankulua nahiz erabilera bakarreko mantelak prestatzen aritu dira, eta kontatu du zerbitzua hasitakoan maskarak jantzi eta une oro jatetxeko txokoak desinfektatu beharko dituztela. Bien bitartean, «telefonoa gelditu gabe» dabilela dio; izan ere, «inguruko lagun asko» ari zaio deika. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka ari dira erreserbekin, ez baitakite oraindik zenbat pertsona eser daitezkeen jatetxe barruan eta kanpoan dituzten mahaietan. Orain arte, beraiei ez zitzaien errentagarria egiten irekitzea, baina orain, eduki gehiago ahalbidetu dutenean, «arrankatu» egin behar dela uste du Urangak. Irekitzen dutenean, guztia «desberdina» izango dela dio oriotarrak, eta badu beldur pixka bat ere. Ez bakarrik babes neurriengatik, baizik eta «udan, ziurrenik, ez delako bisitaririk etorriko estatuz kanpotik». Izan ere, Alemania eta Ingalaterrako bezeroak ere izaten dituzte jatetxean. Urangaren arabera, aurreko urteetan, astebukaera guztietan «erreserba pila bat» jasotzen zituzten, eta zalantzan jartzen du aurten gauza bera gertatuko denik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!