COVID-19 kasu positibo bat atzeman dute Orioko Eguneko Zentroan

Karkara 2020ko eka. 13a, 08:09

Berrogeialdian jarri dituzte Orioko Eguneko Zentroko erabiltzaile guztiak, eta euren familiakoei testak egiten ari dira.

Astelehenean ireki zituzten Gipuzkoako Eguneko Zentroak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Oriokoan COVID-19 kasu positibo bat antzeman dutela erabiltzaileen artean. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, foru aldundia PCR probak egiten ari da Gipuzkoako eguneko zentroetako erabiltzaileei, eta orain arte lortutako 255 emaitzetatik, Oriokoa da atzeman duten positibo bakarra. "Koronabirus sintomarik ez du erabiltzaileak eta PCR proba egindakoan jakin du gaitza zuela. Berehala jarri da martxan zaintza epidemiologikorako protokoloa, eta Osakidetza eta Osasun Publikoa kasuaren jarraipena egiten ari dira", azaldu du Mendozak. Hala, aurrerantzean eguneko zentroak osasun agintariek emandako aginduak  jarraituko dituela nabarmendu dute foru aldunditik. Oraingoz itxi egin dute Orioko Eguneko Zentroa, eta emaitza guztiak esku artean dituztenean erabakiko dute zer egin.

Nekane Murga Osasun sailburuak gaur jakinarazi duenez, Orioko kasua ikertzen ari dira. "Antza denez, pertsona horrek sintomak izan zituen orain dela denbora asko eta PCR test batean negatibo eman zuen. Horregatik, 'hondar positiboa' izan daitekeela uste dugu", azaldu du.

Erabiltzaileak haserre
Orioko Eguneko Zentroko hainbat erabiltzaileren familiak ez daude ados jarraitu den prozedurarekin. "Eguneko zentroa ireki ondoren egin zizkieten PCR testak erabiltzaileei, aurretik egin beharrean. Ostiralean hots egin ziguten esanez kasu positibo bat egon zela egoitzan eta familiartekoak etxera eraman behar genituela". Hala, PCR testetan negatibo eman badute ere erabiltzaile guztiak berrogeialdian jarri dituzte segurtasun neurri gisa, eta berriz egingo dizkiete probak.

Horrez gain, erabiltzaileen familiei ere testak egiten ari dira kutsatuta egon daitezkeen jakiteko. Karkarak jakin du positibo eman duen adineko pertsonaren familia guztiak negatibo eman duela, eta beste erabiltzaileen familiak ere emaitzak jasotzen ari dira. "Guri gaur bertan eman dizkigute proben emaitzak, eta denok negatibo eman dugula esan digute. Hala ere, badaezpada berrogeialdia egin behar dugu, gaia argitu bitartean", azaldu du eguneko zentroko erabiltzaile baten alabak.

Beste erabiltzaile baten familiak, berriz, babes gabe sentitzen dela salatu du. "Nire ama positibo eman duen pertsonaren talde berean dago eguneko zentroan, eta ostiralean 12:20an bila joateko esan zidatenetik, nirekin ez da inor harremanetan jarri, eta nire amak negatibo eman duela jakin dut bere medikuak esan digulako. Ostiralean ama etxera eramateko esan ziguten, baina ez ziguten esan etxean zer pauta jarraitu behar genituen. Gure amak alzheimerra du eta dependentzia handia duen pertsona da, baina asteburu osoa bere gelan bakartuta izan dut, etxean bost lagun bizi garelako. Erakunde desberdinetara deika ibili naiz, gure egoera oso gogorra delako, eta laguntza eskatzen diet erakundeei, nire amak berrogeialdia baldintza egokietan pasa dezan", azaldu du.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!