Antilla hondartza ez da dinamikoa izango, eta eguzkia hartzeko aukera egongo da bihartik aurrera

Karkara 2020ko eka. 18a, 14:50

Hainbat neurri hartu ditu Udalak hondartzaren erabilera arautzeko: erabiltzaile kopurua kontrolatuko du uztailaren 1etik aurrera, sarrera-irteerako tokiak mugatuko ditu, 2-3 orduko egonaldiak egitea gomendatu du, eta elkarren arteko distantziak zaindu beharko dira. Semaforo baten bidez jakingo dute erabiltzaileek hondartzara sar daitekeen edo ez, jende kopuruaren arabera.

Antilla hondartza "dinamikoa" izatea erabaki zuen Udalak maiatzaren bukaeran, itxialdiaren arinaldi prozesua martxan zela, herritarren segurtasuna bermatzeko. Bihartik aurrera, ordea, egoera aldatu egingo da, normaltasun berria sartuko delako indarrean. Normaltasun berrian hondartza ez da dinamikoa izango eta, beraz, herritarrek aukera izango dute bertan eguzkia hartzen egoteko. Nolanahi ere, Udalak eta Aldundiak hainbat neurri adostu dituzte, egoera berri honetan ere hondartza segurtasunez erabili ahal izateko.

Foru Aldundiarekin elkarlanean egin du neurri horien lanketa Orioko Udalak, helburu argi honekin: hondartzaren erabilerak eta eremuaren masifikazioak sortu dezakeen kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien gutxitzea.

Hondartzaren erabilera arautzeko hartu diren neurri nagusiak hauek dira:

  • Aforoa kontrolatuko da (uztailaren 1etik aurrera)
  • Sarrera-irteerako tokiak mugatuko dira
  • Egonaldiak 2-3 ordukoak izatea gomendatzen da
  • Elkarren arteko distantziak zaindu beharko dira
  • Dutxak eta komunak irekita izango dira, garbiketa-neurri bereziekin

Hondartzan egoteko eremua, mugatuta

Udalak mugatu egingo du hondartzan egoteko eremua (ikusi goiko irudia). Marea goraren marra balizatuko da eta hortik duna-eremura arteko gunea izango da hondartzan egoteko eremua. Balizatutako marratik itsasora arteko eremua, berriz, paseatzeko izango da.

Aforoaren kontrola

Aforoa kontrolatzeko, hondartzan instalatutako kamera biometrikoak erabiliko dira. Kamera horiek emandako datuak mugikorrerako app baten bidez kontsultatu ahal izango dira eta, hartara, erabiltzaileek une oro jakingo dute hondartza dagoeneko beteta dagoen (semaforo gorria), betetzen ari den (semaforo horia) ala lasai erabiltzeko moduan dagoen (semaforo berdea).

Semaforoa gorri jartzen denean, galarazi egingo da hondartzara sartzea eta, beraz, erabiltzaileek itxoin egin beharko dute, gutxienez bi orduz, berriro hori edo berde jarri arte.

Erabiltzaileen sarrerak eta irteerak kontrolatzeko, hainbat sarrera itxi egingo ditu Udalak. Hondartzara sartzeko, bi alboetako sarrera nagusiak erabili beharko dira: errio aldekoa eta mendi aldekoa. Sarrera bakoitzaren ondoan, eskuak-eta desinfektatzeko karpa bat jarriko da. Malekoiaren erdiko bi sarrerak eta gainontzekoak hesituta egongo dira eta ezin izango dira erabili. Gurutze Gorrikoen postuaren ondoko sarrera ere itxita izango da herritarrentzat, eta sorosleek eta surflariek bakarrik erabili ahal izango dute.

Hondartza aurreko berdegunea

Hondartza aurreko berdegunearen aforoa ere mugatuko egingo du Udalak. Horrez gain, eremu bat erreserbatu du, errio aldeko berdegunea, Orioko Barra tabernaren ondokoa, adinekoek eta mendekotasuna dutenek lehentasunez erabiltzeko. Lehentasun hori adierazten duten kartelak jarri ditu Udalak dagoeneko eremu horretan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!