Nik Hondartzak aplikazioarekin denbora errealean kontsultatu ahal izango da hondartzen okupazio maila

Karkara 2020ko eka. 19a, 09:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 285.000 euroko aurrekontu gehigarria jarri du denboraldi honetan, COVID-19a dela eta, Gipuzkoako hondartzetan prebentzio eta sentsibilizazio neurriak indartzeko.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak Nik Hondartzak aplikazioa aurkeztu zuen atzo goizean AZTIko Balore zuzendari eta ozeanografo Adolfo Uriarterekin batera. Aplikazioari esker, denbora errealean kontsultatu ahal izango da hondartzen okupazio maila.  Datorren astetik aurrera erabilgarri egongo da aplikazioa. Aldundiak eta AZTIk elkarrekin garatutako tresna honi esker, erabiltzaile guztiek Gipuzkoako hondartzen okupazio-maila ezagutu ahal izango dute uneoro.

Semaforoaren sistematikaren bidez, hondartzetako okupazio-mailaren berri emango du App-ak. Aplikazioa 15 minuturo eguneratuko da, hondartza bakoitzaren okupazioari buruzko informazioa denbora errealean emanez eta kasu bakoitzean ezartzen diren dentsitate-atalaseen arabera egoeraren berri emanez. Edukiera zehazteko, gomendatutako distantzia soziala eta hondartza bakoitzaren azalera hartu dira kontuan, eta erabiltzaile guztiek doan kontsultatu ahal izango dute eremuen okupazio-maila hondartza horietara joan aurretik.

Aplikazioak erakusten dituen okupazio eta edukiera mailak gutxi gorabeherakoak dira, eta udal agintari eskudunek, gomendioak eman ahal izango dituzte irizpide horietan eta egoki iritzitako beste batzuetan oinarrituta, hondartzetarako sarbidea ireki edo itxi edo kasu bakoitzean egokiak diren beste neurri batzuez. Lan hori errazteko, Nik Hondartzak tresnak alerta sistema bat du udal arduradunentzat, eta aurrez jakinaraziko dizkie ur-emaria, marea-igoera eta erabilera-baldintzen aldaketa.

Jose Ignacio Asensio foru-diputatuak "konpromisoa" agertu zuen atzoko agerraldian “hondartzak arduraz erabiltzeko eta gozamena eta osasunaren babesa bateragarri egiteko baliabide guztiak herritarren eta udalen eskura jartzeko”.

Bideratutako dirua

Edukiera kontrolatzeko aipatutako aplikazioaz gain (98.872,70 euroko kostua izan du), Gipuzkoako Foru Aldundiak 47.489,30 euro inbertitu ditu udal bakoitzaren eskura jarri den laguntza teknikoan, hondartzak COVID-19ak eskatzen dituen baldintza berrietara egokitzeari buruzko txosten pertsonalizatuak egiteko.

Halaber, sentsibilizazio eta informazio kanpaina bateratua diseinatu da ekainean eta uztailean, hainbat gomendio indartzeko: egonaldi mugatuak, urruntze soziala eta higienea.108.822,45 euro bideratu dira horretara.

Aurrekontuaren gainerakoa (30.000 € inguru) hareatzak garbitzeko zerbitzua indartzeko, paperontziak, sarbideak eta barandak desinfektatzeko eta garbitzeko, pedal bidez eragiteko sistema bat jartzeko eta indarrean dauden sarbide guztietan informazio-kartelak jartzeko erabili da.

 

KOSTASYSTEM bideometria-sarean oinarrituta

 

Teknikoki, aplikazioa KOSTASYSTEM bideometria-sarean oinarritzen dela jakinarazi zuten. Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 2017an Gipuzkoako kostaldean martxan jartzea erabaki zuen. Foru bideometriaren sarea jarri zen, batetik, kostako hareatzak monitorizatu behar direlako, itsasertzak klima aldaketarekiko duen kalteberatasunagatik (Gipuzkoa Klima 2050 Estrategia), eta, bestetik, hondartzen kudeaketa hobetzeko. Tresna horri esker, batetik, itsasertzaren babesa hobetu daiteke, eta, bestetik, klima aldaketak gure kostaldean duen eragina prebenitzeko neurriak hartu; eta, gainera, hondartzak erabiltzen dituzten pertsonen segurtasuna eta ongizatea hobetu daitezke.

COVID-19 pandemiak gaur egun sortzen duen egoera ikusita, eta Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin batera dekretatu zuen birusa kutsatzea eta hedatzea saihesteko nahitaez bete beharreko prebentzio-neurriak kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak 285.000 euroko aurrekontu gehigarria jarri du Gipuzkoako hondartzetan prebentzio- eta sentsibilizazio-neurriak indartzeko. Neurri horiek udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adostuta hartu dira, Hondartzen Lurralde Mahaiak hainbat bilera egin ondoren.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!