Astelehenean irekiko dituzte haurreskolak kontziliazio beharrak dituzten familientzat

Karkara 2020ko eka. 20a, 10:05

Orioko haur eskolan hamahiru edo hamabost haurrekin hasiko dira lanean, eta Aiakoan bost haurren gurasoek egin dute hasteko eskaera, baina oraindik gehiago izan daitezke.

Datorren astelehenetik aurrera zerbitzua eskaintzen hasteko moduan izango dira haur eskolak. Martxoaren erdialdera koronabirusaren krisiak eztanda egin zuenetik, itxita egon dira zentro horiek, baina alarma egoera bertan behera gelditzearekin batera, berriro haurrekin lanean hasteko baimena eman die Eusko Jaurlaritzak. Hori bai, itzulera normaltasun berria deritzonera egokituta egin beharko dute, segurtasun eta higiene neurriak hartuta.

Eskualdeko haur eskola gehienak Haurreskolak partzuergoaren barruan daude, eta horietako askok astelehenean irekiko dituzte ateak, baina soilik kontziliazio beharrak dituzten familientzat. Bi gurasoek —edo batek, guraso bakarreko familien kasuan— lan egiten duten enpresaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute aurrez aurreko lanean dabiltzala egiaztatzeko. Telelana egiten duten gurasoek ezingo dituzte euren seme-alabak partzuergoko haurreskoletara eraman, oraingoz behintzat.        

Partzuergoko haur eskolek ohiko ordutegian emango dute zerbitzua, hezitzaile guztiak ariko dira lanean, baina ohi baino ume gutxiagorekin. Orioko Maria Maestra haur eskolan hamahiru edo hamabost izango dira. Aiako Kimu haur eskolan, berriz, bost haurren gurasoek egin dute datozen egunetan hasteko eskaera, baina oraindik erantzunaren zain daudela adierazi dute hango arduradunek.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!