Udane Ostolaza: "Etxetik eramandako lanak egin ditut"

Onintza Lete Arrieta 2020ko eka. 28a, 15:45
Ostolaza, atzo, txapelketako une batean

Leaburun jokatu du aurreneko txapelketa ofiziala harri jasotzaile gazteak, eta emaitzarekin gustura da, buruan zeukan guztia egitea lortu zuelako atzo: 50 kiloko zilindrikoari 15 altxaldi eman zizkion, 50 kiloko kubikoari bederatzi, eta pisu bereko bolari, 12, "uste baino bat gehiago".

Bere ibilbideko aurreneko txapelketa ofiziala zuen atzo Udane Ostolaza harri jasotzaile gazteak, adinagatik orain arte ezin izan duelako lehia ofizialetan parte hartu. Horregatik, urduri zegoela azaldu dio gaur KARKARAri. "Gauean hasi nintzen urduri jartzen, lo egiteko ere gaizki", azaldu du. Harria jasotzen hastearekin bat lasaitu zen, ordea. "Besteetan baino ikusle gutxiagorekin jardun genuen, segurtasun neurriengatik edukiera murriztuta, baina gehienak ezagunak nituen, eta animatu ninduten, giro polita egon zen". Han izan zituen aiton-amonak ere, esaterako.

Helburua betetzeko aukera eduki zuen, gainera: 50 kiloko zilindrikoari 15 altxaldi eman zizkion, 50 kiloko kubikoari bederatzi, eta pisu bereko bolari, 12. "11 altxaldi egiteko asmoa neukan bolarekin, baina ondo sentitzen nintzenez, bat gehiago egitea pentsatu genuen".

Hilabete inguru aritu da entrenatzen guztira, tartean egokitu zirelako konfinamendu asteak eta egun horietan ezin izan duelako batere entrenatu. Fisikoki ondo sentitzen dela dio, eta hori, hein batean, "Zuhegani esker da, asko lagundu didatelako", esan du Ostolazak.

Udane Ostolaza, atzo, Leaburun, familiaren babesean.

Finala, abuztuaren 1ean

Atzokoa izan zuen aurreneko lehiaketa ofiziala, eta oraindik beste bi saio egin beharko ditu finala baino lehen. "Hiru neska ari gara parte hartzen harri jasotze txapelketan, eta bakoitzak hiruna saio egingo ditugu, banaka, astero batek. Ondoren, hirurok jokatuko dugu finala, elkarrekin".

Karmele Gisasola eta Virginia Finol ditu lehiakide, esperientzia eta lorpen askoko kirolariak, biak. Horregatik, Ostolazak argi du berak bere lana eta bere helburuak dituela txapelketa honetan. "Oso zaila dut haiekin berdintzea, eta ni nire lana egitera joango naiz. Saiatuko naiz finalean ahalik lan txukunena egiten". Abuztuaren 1ean izango da egun handia, Azpeitian.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!