Bizkaiko Golkoan 330.000 tona antxoa erregistratu dira, inoizko populaziorik handiena

Karkara 2020ko eka. 29a, 17:35

Antxoaren aurtengo kostera ez da ona izan arrantzaleentzat, baina gaur AZTIk emandako datuak onak dira etorkizunari begira.

Gaur goizean prentsaurrekoa eman dute AZTIko presidente Rogelio Pozok eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak Pasaian, egin dituzten ikerketen azken emaitzak emateko.

Azaldu dutenez, gaur gaurkoz 330.000 tonakoa da Bizkaiko Golkoan antxoaren biomasa. Alegia, antxoak inoizko populaziorik handiena du. Bioman izena duen ikerketa 1987an abiatu zuten, eta ordutik erregistratu duten kopururik altuena da aurtengoa. Gutxiengo 21.000 tonako balorearen muga aise gainditu denez, espeziaren biziraupena bermatua dagoela adierazi dute prentsaurrekoan.

Orozek nabarmendu du "ikerketaren emaitzak historikoak" direla, baina aldi berean, kezka ere agertu du antxoaren tamainaren inguruan, azken urteetan txikia harrapatu dutelako; txikiegia, kontserba fabriketarako. Sailburuordeak kezka agertu du antxoaren tamainarekiko.

Kuotak, tamainaren eboluzioaren arabera
Azken urteetan antxoaren tamainak arrantzaleen artean kezka sortzen duela ikusita, erabakiak hartu beharko direla uste du sailburuordeak, eta ontzi bakoitzari kuota bat ezartzea proposatu du gaurko agerraldian. Izan ere, Orozeren iritziz flotaren artean kuotak banatu gabe dagoenez, "denek ahalik eta azkarren" eramaten dute arraina portura, arrainaren neurriari erreparatu gabe. Hala, azaldu du ontzi bakoitzak kilo kopuru jakin bat harrapatzeko aukera izango balu, itsasontzi bakoitzak erabakiko lukeela antxoa handiagoaren bila joan edo txikiarekin konformatu. Dena dela, gogoratu du Espainiako Gobernuak du neurri hori indarrean jartzeko eskumena.

Aurtengo zifrak

Aurtengo antxoaren kostera ez da ona izan arrantzaleentzat. Guztira, 4.600 tona harrapatu dituzte euskal ontziek, iaz baino 3.900 tona gutxiago. Kontutan izan behar da ere, koronabirusaren ondorioz kanpaina laburragoa izan dela. Bestalde, kiloa 1,38 eurotan saldu da aurten; iaz, berriz, 1,62 eurotan.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!