"Jendeak ere parte hartzen du proiektuan, eta hori polita da"

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 2a, 15:52

Bigarren diskoa ateratzeko finantzaketa kolektiboa abiatu du Ibai Marin musikariak. Abesti berriak rockeroagoak dira, eta abuztuan hasiko da  grabazio lanetan.

IBAI MARIN - Musikaria

Atzo eguerdian jarri zuen martxan Ibai Marin musikariak finantzaketa kolektiboko egitasmoa. Bigarren diskoa grabatzeko eta plazaratzeko nahikoa sostengu ekonomiko izan dezan abiatu du kanpaina. Disko berriko kantu guztiak konposatuta ditu Orioko bizilagun donostiarrak.

Finantzaketa kolektiboa abiatuko duzu bigarren diskoa egiteko. Kostata hartutako erabakia izan da ala argi zeneukan hori dela bidea zure lanak autogestionatzeko?
Lehenengo diskoarekin ere crowdfunding-a egiteko aukera planteatu genuen, baina orduan ez ginen animatu, gauza berriak nekagarriak izaten direlako. Kasu hartan, dena poltsikotik ordaindu nuen. Bigarren disko honetarako, ordea, gauzak dauden bezala egoteak asko eragin du; alegia, kontzertuetatik ateratzen genuen dirua orain ez dugu jasoko. Horrez gain, autogestioa eta beste bide batzuk hartzearren heldu diogu crowfunding-ari. Azkenean, jendeak ere parte hartzen du proiektuan, eta hori ere polita iruditzen zaigu.

Bitartekaritza zuzena, azken finean?
Jarraitzaileekin beste inplikazio modu bat sortzeko modu bat dela uste dut. Azkenean, hartu-eman garrantzitsuago bat lortzen da, ez dira donazioak, eta hori da gustatzen zaidana, hain justu. Bilketan parte hartzen duenak diru kopuru bat jartzea aukeratzen du, sorta aukera ezberdinak daudelako. Sorta bakoitzak sari bat dauka, emandako laguntzaren truke jasotzen dutena. Hori garrantzitsua da.

Sorta aukerak ezagutarazi dituzue.
Bai, atzo, 14:00etan, jakinarazi genituen. Verkamiren webgunean esteka bat jarri dugu, eta bertan jakin daiteke nire bigarren diskoa finantzatzeko moduari buruzko informazio guztia. Bideotxo bat ere egin dugu aurkezpen modura, eta aurrez aipatutako atarian ikusgai izango da, jendeak jakiteko zer egin nahi dudan lan berrian. Nik aurrekontu bat egiten dut proiektu honetarako, eta zenbateko horretara iritsiko ez banintz, jendeari dirua itzuli beharko nioke.

Baina pauso hau aurretik, diskoetxeetara jotzea pentsatu al duzu?
Egia esan, egoera oso gaizki dago alde horretatik. Ez naiz saiatu ere egin diskoetxeekin, autoedizioaren defendatzaile sutsua bainaiz. Uste dut bideak hortik joan behar duela, hau da euskal musikan eta sortzaileon bizitzan gaitasun horrek egon behar du. Bitartekari asko dago. Beraz, zergatik emango diot nire lana beste norbaiti neuk aurrera atera ahal badezaket? Finantzaketa kolektiboak horretarako aukera ematen du, eta ez sortzaileari bakarrik, baita haren proiektuan sinesten dutenei ere.

Pandemiak nola eragin dizu honetan guztian?
Abestiak sortzeko aprobetxatu dut egoera. Horri eskaini diot denbora gehiena. Hitzordua hartuta geneukan estudioan abuztuan diskoa grabatzeko, eta, nolabait esateko, niri oso ongi etorri zait konposatzeko eta kantuetan buru-belarri murgiltzeko. Abuztuaren 17an sartuko gara grabazio estudioan, eta dena ongi bidean, urte bukaerako diskoa argitaratzea da asmoa.

Lehen diskotik bigarren honetara aldaketarik izango al da musika aldetik?
Dezenteko aldaketa dago musikalki. Lan berri honetan askoz ere ukitu rockeroagoko kantuak daude. Behar hori eduki dut! Lehen diskoa organikoagoa atera zen, eta bigarren honetan, berriz, gitarra elektrikora gerturatu nahi izan dut,  akustikoa alde batera utzita. Home studio bat muntatu dut etxean eta erreminta horiek  kantuak sortzeko beste aukera bat eskaini didate. Estiloa rockandrolleroagoa izango da, hori ziur!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!