Orioko emakumezkoek Coruñako bandera irabazteko aurrerapausoa eman dute

Karkara 2020ko uzt. 4a, 20:00

Gizonezkoetan, Hondarribiak irabazi du lehen jardunaldia, eta Santurtzi bi segundo eskasera geratu zaio. Orio 16 segundora sailkatu da, laugarren postuan.

Euskotren eta Eusko Label ligei hasiera eman diete gaur arratsaldean Galiziako uretan, Bandeira Cidade da Coruñako lehen jardunaldian; gaurko eta biharko estropadak hartuko dira kontuan bandera eskuratzeko. Emakumezkoei dagokienez, ezustekorik ez da izan. Iazko joerari jarraituz, oriotarrak izan dira nagusi estreinako lehian. Gizonezkoetan, aldiz, lehiakide zuzenak agertu zaizkio aurten Orio azken txapeldunari –Hondarribia eta Santurtzi–, eta gaur laugarren postuarekin konformatu behar izan du. 

Orioko emakumezkoak irteera ona egin ez badute ere, segituan zuzendu dute norabidea eta berehala jarri dira buruan. Ziaboga Donostiarrarekiko lau segundoko aldearekin egin dute, eta itzulerako luzean denbora tarte horri eutsiz helmugaratu dira, 11:12,80koarekin. Bigarren Donostiarra izan da 4,62 segundora, hirugarren Hondarribia 18 segundora eta Donostia Arraun laugarren 23 segundora. Beraz, denboraldiko lehen bandera lortzeko aurrerapauso handia eman dute gaurkoan Orioko neskek.

Gizonezkoetan lehia polita aurreikusten da aurtengo ligan. Hondarribia izan da garaile, 20:11,80 denborarekin, hirugarren txandan nagusitu ondoren. Santurtzik bigarren txandan eginiko denbora 1,90 segundoan hobetu du. Ondorioz, aparteko ustekaberik ezean, Coruñako banderaren lehia buruz burukoa izango da, hirugarren sailkatutako Urdaibai eta laugarren geratu den Orio 16 segundora geratu baitira. Oriok lehen txandan jokatu du estropada, eta lan txukuna egin duen arren, ez du ongi biribildu azken luzean, eta horrek baldintzatu dio gaurko jardunaldia (20:28,18).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!