Pertsona bat atxilotu du Guardia Zibilak Orion, droga trafikoa egotzita

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 8a, 13:48
Guardia Zibilak polizia operazioan atzemandakoaz zabaldutako irudietako bat

Polizia operazio zabal baten barruan atxilotu dute, beste 24 pertsonarekin batera. Guardia Zibilaren arabera, 114 kilo speed, 104 kilo marihuana, 26 kilo anfetamina likido eta 100.000 euro atzeman dizkiete. Bi laborategi ere atzeman dituzte, horietako bat, antza, Orioko etxebizitza batean. Armak ere aurkitu dituzte.

Polizia operazio zabala egin berri du Guardia Zibilak Euskal Herrian eta Errioxan (Espainia), eta 25 pertsona atxilotu ditu droga trafikoa egotzita. Atxiloketetako bat Orion egin dute, eta antza, herriko etxebizitza batean droga laborategi bat zeukan taldeak. Beste laborategi bat ere atzeman dute, hori Nafarroako Arguedas herrian. Nafarroan egin dituzte atxiloketa gehien, 17; Gipuzkoan bi; Errioxan hiru eta Huescan bi (Espainia) eta  bat Virsac-en (Frantzia). 

Poliziaren arabera, atxilotuei 114 kilo speed, 104 kilo marihuana, 26 kilo anfetamina likido eta 100.000 euro atzeman dizkiete operazioan, baita substantzia gehiago ere. Armak ere bazituzten. "Espainiako speed ekoizpen handiena osatzen zuen talde honek", esan du prentsa oharrean Guardia Zibilak.

Droga operazioa iazko otsailean abiatu zuen Guardia Zibilak. Poliziaren arabera, atxilotuek alokairuko autokarabanak erabiltzen zituzten droga garraiatzeko, eta familia bidaia turistikoen itxura egiten zuten. Hala, Europako puntu batzuetatik Nafarroara ekarri eta eramaten zuten droga nahiz dirua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!