Estropadako aurrekalari onenaren saria jaso zuen Vicky Piñeirok larunbatean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2020ko uzt. 14a, 12:16

Portaletas Lagun Artea Saria jaso zuen Vicky Piñeiro arraunlariak, estropadako aurrekalari onenari estropadaren antolatzaile Kaiarriba-Donostiarra elkarteak ematen dion saria.

Asteburu gazi-gozoa izan da pasa dena Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen talderarentzat, batean bale eta bestean kale egin baitzuten. Caixabank bandera etxera ekartzea lortu zuen Orioko txalupak, larunbatean Donostian denbora onena eginda. Gainera, taldeak garaipena lortzeaz gain,  Portaletas Lagun Artea Saria jaso zuen Vicky Piñeiro arraunlariak, estropadako aurrekalari onenari estropadaren antolatzaile Kaiarriba-Donostiarra elkarteak ematen dion saria, hain zuzen ere.

Igandean banderarik gabe etxera
Igandean, ordea, nesken taldeari ihes egin zion Petronor Banderak Zierbenan, Donostiarrak indartsu dagoela erakutsi baitzuen garaipena lortuta. Nadeth Agirre Orioko patroiak azaldu duenez, "pena" hartu zuten, Donostiarrak azken luzean aurre hartu zielako. "Dena dela, horrek erakutsi digu ezin dugula lasaitu, eta gure lana ahalik eta ondoen egitera atera behar dugula uretara, lehia estua baitugu traineruen artean. Aurreko urteetan, agian, postuak markatuagoak zeuden ligan, baina,  edonork eman dezake ezustekoa uda honetan", adierazi du.

Dena dela, lau estropada jokatu ostean, Orioko nesken txalupa liderra da Eusko Tren Ligan, 15 puntu bilduta, eta lau puntura du Donostiarra. Patroi onenaren sariketan, berriz, Nadeth Agirre dago sailkapenaren buruan, bederatzi punturekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!