Nahia gaztearen aldeko erronkan parte hartu du Bittor Andresek

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 15a, 10:12

Andres ez zen esku hutsik joan Zegamara, Orioko emakumezkoen traineruko kideek sinatutako elastikoa eraman baitzion opari Nahia gazteari.

Zegaman elkartasun erronka jarri dute martxan Nahia Gomez gazteak duen giltzurrunetako gaixotasuna ezagutzera emateko. Carlos Moran zegamarrak hiru mila kilometro osatu nahi ditu: mila kilometro egingo ditu Zegama Aizkorri probako ibilbidean, guztira, 24 maratoi; mila kilometro osatuko ditu bizikletan, eta beste mila kilometro egingo ditu asfaltoan korrika.

Erronka osatzeko Euskal Herriko hainbat kirolariren laguntza jasotzen ari da, eta atzo, Talai Mendi elkarteko presidente Bittor Andresek egin zuen maratoia Moranekin batera, ekimena babesteko. 42 kilometroko ibilbidea egin zuten Zegama Aizkorri maratoiko ibilbidean barrena, eta zortzi ordutan osatu zuten Moranek eta Andresek. "Joan aurretik nahiko kezkatuta nengoen, ez bainekien zegamarraren martxa jarraitzeko gai izango nintzen, baina oso ondo sentitu nintzen. Carlos Moran iaioa da mendian korrika, eta oso ondo eraman zuen erritmoa; gainera, Urbian geldialditxo bat egin genuen ogitarteko bat jateko. Oso esperientzia aberasgarria izan zen", azaldu du Andresek.

Andres ez zen esku hutsik joan Zegamara, Orioko emakumezkoen traineruko kideek sinatutako elastikoa eraman baitzion opari Nahia gazteari. "Gaztearen ama nire lagun mina da, eta esan nien parte hartuko nuela ekimenean. Nahiari Orioko Arraun Elkarteko nesken taldea gustatzen zaio, eta Nadeth Agirre patroia laguna dudanez, ekimenaren berri eman nion, Aizkorrira mendi buelta egin genuen batean. Laguntzeko prest agertu zen Agirre, eta traineruko kideek sinatutako elastikoa eta Nahiari animoak emateko grabatu zuten bideoa eman zizkidan. Asko hunkitu zen Nahia oparia jaso zuenean, eta berak ere mezua bidali zien Orioko neska arraunlariei".

Berriz ere hasieratik
Nahiak giltzurrunetako gaixotasuna du, eta hori sendatzeko egin zioten transplantea arbuiatu egin zuen bere gorputzak. "Horregatik, berriz, hasieratik ekin behar dio prozesuari. Berez ez dago tratamendu berezirik gaixotasun hori sendatu ahal izateko; horregatik, ekimenaren helburua ez da dirua biltzea, Nahiaren egoera ezagutzera ematea baizik", azaldu du Bittor Andresek.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!