Gipuzkoako txapelduna da Orio

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 16a, 09:00

Bederatzi segundoko aldearekin, Orioko emakumezkoek Gipuzkoako txapeldunen garaikurra eskuratu dute Orion jokatu den estropadan. Gizonezkoek, berriz, hirugarren egin dute.

Gipuzkoako traineru txapelketa jokatu da asteazken arratsaldean Orion, ikusleei ateak itxita. Ez ohiko eta agian aurrerantzean ikusiko den irudia utzi du estropada saioak: zuzendaritzako kideez eta lehorrean geratu diren arraunlariez gain, ez zegoen inor kofradian, kazetari pare bat baino ez. Arraunzaleek Itxaspe edota Molarri aldera jo behar izan dute, hala moduz arraunaz gozatzeko, baina batzuk animatu dira estropada itsasotik jarraitzera, piraguan edota txalupan joanda.

Bigarren txandan irten da Orio, Euskotren Ligan lehiakide dituen beste hiru ontziren aurka: Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia. Ligako azken estropadan, Zierbenan, Donostiarrak azken metroetan aurreratu zuen Orio, bandera irabazteko. Gaurkoan, baina, ez da halakorik jazo: ziabogarako sei segundoko abantaila zuten oriotarrek. Poparean are nagusiago aritu, eta bederatzi segundo aurretik helmugaratu dira. Bandera etxean geratu eta hilaren 31n Lekeition jokatuko dute Euskadiko Txapelketa.

Bigarren luzean, atzerapena

Eusko Label Ligan aritzen diren hiru ontzi izan ditu aurkari Oriok: lehen kaletik Zarautz, bigarrenetik Hondarribia eta laugarrenetik Donostiarra. Ama Guadalupekoa ligan oso fin ez badabil ere, honek eraman du txapeldunaren garaikurra.

Lehen ziabogara aurretik heldu dira mirotzak, baina bi segundoko tartean zeuden berdeak eta zuriak; zarauztarrak lehen luzearen erditik geratu dira atzean. Bigarren luzean, baina, Hondarribiak aise gainditu du Orio: bost segundoko aldearekin ailegatu da ziabogara. Behin Hondarribiak zertxobait alde eginda, Donostiarrarekin izan dute lehia oriotarrek, baina bien arteko norgehiagokan ezin izan dira gailendu. Amaieran, Hondarribiak markatu du denborarik onena: 20:28. Atzetik Donostiarra, sei segundora, eta hirugarren Orio, ia hamaika segundo galduta. Zarautz 58 segundora geratu da.

Euskadiko Txapelketa jomugan

Gizonezkoen eta emakumezkoen Gipuzkoako lau traineru onenak, uztailaren 31n Lekeition ariko dira. Euskadiko Txapelketa jokatuko da.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!